Adimen artifiziala eztabaidagai (I) – Ulises Cortés: “Algoritmoak kontrolatu ezean, ‘algoritmokrazian’ amaitu dezakegu”

Adimen artifizialaAlgoritmoen erregistro publikoaEusko Legebiltzarra

Administrazioak erabiltzen dituen algoritmoen erregistro publikoa sortzearen inguruan hitz egin dute nazioarteko lau adituk Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek proposatuta. Artikulu sorta batean haiek esandakoak laburbilduko ditugu eta egunero bat argitaratuko dugu. Lehen hitzaldia Ulises Cortés-ek eman du. Universitat Politècnica de Catalunyako (UPC) katedraduna eta ikertzailea da, eta adimen artifizialaren arloan aditua.

1983an, Gerra Hotz betean, gertatutakoa gogora ekarriz hasi du hitzaldia Ulises Cortések. Sobietar Batasuneko Stanislav Petrov teniente koronelari AEBen misil erasoaren berri eman zion algoritmo batek, sateliteen datuetan oinarrituta. Petrov-ek alarma faltsua zela erabaki zuen. Ondorioz, ez zuen erantzun nuklearrik eman, milioika pertsonaren bizia salbatuz. Garai hartan gizaki batek algoritmoak esandakoaren aurka egin zezakeela nabarmendu du Cortések.

Gaur egun algoritmoak alde guztietan daudela azalduz jarraitu du: estatuek eta enpresek erabiltzen dituzte, eta multinazional batzuk zenbait estatuk baino baliabide gehiago dituzte.

Sarrera bat jasota irteera bat ematen duten prozedurak dira algoritmoak. Adibidez, sukaldeko errezeta bat: osagai batzuk hartu, zenbait pauso jarraitu eta emaitza bezala prestatutako janaria lortzen dugu.

Software algoritmoak ordenagailuek exekutatzen dituzten prozedurak dira. Datu gordinak, adimen artifiziala erabiliz, informazio eta ezagutzan bihurtzeko erabili daitezke. Pertsona baten datuak badira, pertsona horri eta bere ingurukoei buruzko informazioa eta ezagutza lortzeko erabili daitezke. Horregatik, datuen eta algoritmoen gaineko kontrola garrantzitsua da.

Algoritmoen erregistroak demokraziarentzat oinarrizkotzat jotzen ditu Cortések. Administrazioak datu asko biltzen ditu, eta gero eta gehiagotan, algoritmoak erabiltzen dira erabakiak hartzeko. Kontrolatu ezean “algoritmokrazian” amaitzeko arriskua dago bere ustez. Horregatik, algoritmoen diseinuak balio etiko eta legezkoak betetzen dituztela ziurtatu behar da, eta administrazioan erabili edo sortzen den software guztia ikuskatzeko aukera egon behar du. Aplikazio edo algoritmo bakoitzak gardentasunaren araberako puntuazio bat jaso behar luke. Aplikazio ezagunenek oso nota kaskarra jasoko lukete: Google, Facebook, Youtube, Instagram, TikTok…

Adituaren esanetan etikoa, legezkoa, sozio-ekonomikoki eta kulturalki baliotsua, eta zero kilometrokoa den teknologia garestiagoa da, baina administrazio publikoak aplikazio justuak eta aurreiritzi okerrik gabeak soilik erabili eta babesteko ardura du, zelataritza zerbitzuak baztertuz. Erregulazioak herritarrak babestu behar dituela gaineratu du, ez gobernua, eta are gutxiago enpresak.

Collingridgeren dilemarekin amaitu du hitzaldia Cortések: teknologia bat berria denean zaila da bere eragina baloratzea, baina teknologiak erabilera zabala lortzen duenean berandu da kontrolatzeko. Adibide bezala ChatGPT jarri du. Zabalkunde oso handia izan du denbora gutxian. Duela gutxi legez kanpokotzat jo du Italiako datuen babeserako autoritateak pribatutasunaren inguruko kezkengatik, baina orain zenbat italiarrek desinstalatuko dute?

Galdera-erantzunen txandan adimen artifizialaren inguruko ikerketen moratoria eskatzen duen gutuna zergatik sinatu zuen azaldu du, nahiz eta guztiarekin ados ez egon. Bere esanetan, teknologia berriaren sarbidea adituak gainditzen ari da, zer esanik ez herritar arruntak, eta atzean dauden enpresak “ez dira santuak”. Gainera, mundu mailan lauzpabost estatuk soilik dute enpresa horiek duten gaitasuna eta azpiegitura. Luzamendua ez dela beteko uste du, baina gutxienez gaiaz hitz egiten hastea lortu dutela. Horregatik sinatu zuen, herritarren artean adimen artifizialaren erabilerak ekar ditzakeen arazoen kontzientzia handitzeko.

Argazkia: Eusko Legebiltzarra