Berreskuratutako ordenagailuak Seaskako haurrei eskaintzeko ikasle kooperatiba sortu dute

ElkartenethezkuntzaIlargikoopKonpontzeko eskubideaLapurdiSeaskaTeknologia burujabetza

Baionako Bernat Etxepare lizeoko bi gaztek irabazi asmorik gabeko Ilargi ikasle kooperatiba sortu dute, Elkartenetek berreskuratutako ordenagailuak Seaskako lehen mailako ikastoletako haurrei eskaintzeko helburuarekin.

Ikasle kooperatiba sortu duten gazteek Fedibertsoko Mastodon.eus eta Pixelfed.eus komunitateetan argitaratu dituzten mezuetan adierazi dutenez, mundu hobe bat eraikitzeko jaio dira, aztarna ekologikoa eta soziala murriztuz, eta software librea bultzatuz.

Teknologian dauden bi eredu kontrajarrien arteko lehia sokatiraren irudia baliatuz adierazi dute Hona edo hara? testuarekin: alde batean Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft multinazionalak daude, bestean Ilargi Ikasle Kooperatiba, Elkartenet, Fedibertsoa eta TxikiLinux.

Ez da azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko hezkuntzan teknologia burujabetzara bidean ematen duten lehen pausoa, baina garrantzi berezia du, oraingoan ikasle gazteak direlako ekimenaren ardura dutenak. Aurretik, 2022ko apirilean Donibane Lohizuneko ikastolan TxikiLinux erabiltzen hasi ziren, Elkartenetek Bizkaiko ikastetxeetatik berreskuratu eta berregokitutako ordenagailuetan. Baionako Etxepare Lizeoan ere 34 ordenagailu jaso zituzten eta Debian sistema eragile librearekin sarean erabiltzen dituzte.

Hodeia ez da existitzen podcastean saio bat eskaini genion iaz gaiari. Eder Etxebarriarekin hitz egin genuen, Donibane Lohizuneko gurasoa eta Bernat Etxepare lizeoko irakaslea, eta baita Donibane Lohitzuneko ikastolako hainbat kiderekin ere.