Danimarkak ere Google Analytics legez kanpokotzat jo du

Danimarkadatuen babesaGDPRGoogleGoogle AnalyticsNOYBpribatutasuna

Webguneetako trafikoa aztertzeko erabiltzen den Google Analytics tresnak Europako GDPR legea urratzen duela erabaki du Danimarkako Datuen Babeserako Agentziak (Datatilsynet), erabiltzaile europarren datu pertsonalak AEBetara bidaltzen dituelako. Ez da horrelako neurri bat hartzen duen Europar Batasuneko lehen herrialdea, aurretik Austriak, Frantziak eta Italiak antzera egin baitzuten.

Google Analytics erabiltzen duten webgune daniarrek hemendik aurrera bi aukera dituzte: multinazionalaren tresna erabiltzeari uztea ala beren kasa neurri gehigarriak hartzea erabiltzaileen pribatutasuna babestuz legea betetzen dutela ziurtatu eta frogatu ahal izateko.

2020an bertan behera geratu zen Europar Batasunetik AEBetarako datuen transferentzia erregulatzen zuen Privacy Shield akordioa, Max Schrems abokatu eta pribatutasunaren aldeko aktibistak ezarritako helegiteen eraginez. Argudio nagusia izan zen europarren datu pertsonalak ez zeudela behar bezala babestuta, AEBetan pribatutasunaren defentsarako legeak Europan baino askoz ahulagoak direlako.

“Webgune bat bisitatzeko aukera izan beharko zenuke zure datuek esku okerretan bukatu gabe”
Makar Juhl Holst, Datatilsynet daniar agentziaren lege aholkularia

Akordioa baliogabetu eta denbora gutxira, Schrems-ek sortutako eskubide digitalen aldeko NOYB (My privacy is Non Of Your Bussiness) taldeak 101 salaketa ezarri zituen Europako 30 estatutan Google Analytics eta Facebook Connect tresnak erabiltzen dituzten webguneen aurka. Geroztik Austriak, Frantziak, Italiak eta Danimarkak arrazoia eman diete. Danimarkako Datuen Babeserako Agentziak azaldu duenez, erabakiak estatu bakoitzeko autoritateek hartzen dituzten arren, Europa mailako posizio bateratu bat ordezkatzen dute, Europako Datuen Babeserako Batzordeak sustatutako lan talde batek aztertu dituelako kasuak.

ARGIAk egin bezala, Google Analytics utzi eta Matomo bezalako software libreko tresnak erabiltzen hastea gomendatzen dugu, webguneetako trafikoa erabiltzaileen pribatutasuna eta datuen babeserako legeak betez aztertzeko.