EH Kom sortu dute, Euskal Herrian telekomunikazio sare publiko-komunitarioak hedatzeko

arrakala digitalaAzpiegiturakInternetTelekomunikazio burujabetza

Arrakala digitala ezabatzeko bidean, telekomunikazio burujabetza eta herri ikuspegitik, Euskal Herrian telekomunikazio-sare neutro eta irekiak eratu eta hedatzeko helburuarekin sortu dute EH Kom. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba integral eredua jarraituz eratutako proiektua Udalbiltzak, Izarkomek eta Hiritik Atek sustatu dute elkarlanean, hainbat udal ordezkari eta adituren parte hartzearekin.

Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak, Andoainen egindako aurkezpenean, adierazi zuenez, Nazio Batuen Erakundeak giza eskubide gisa aitortzen du Interneterako sarbidea izatea, baina arrakala digitala dago, hau da, pertsona guztiek ez daukate kalitatezko konexiorik. Arrakala hori bi modutan ematen da: geografikoki eta maila sozioekonomikoaren arabera. Batetik, herri eta auzo askotan ez dago Interneteko konexio duinik, operadore handientzat ez direlako errentagarriak. Bestetik, hainbat familia eta norbanakok ez daukate diru sarrera nahikorik Interneterako sarbidea ordaintzeko.

Arrakala digitala eta telekomunikazio arloko oligopolio-egoera gainditzeko, auzo eta herrietan sare ireki, neutro, aske eta publiko-komunitarioak garatzeko asmoa dute, euskal herritarrei azpiegitura propio eta burujabea emanez. Tokiko garapenaren eta gobernantza-eredu lokal eta demokratikoen alde egin nahi dute. EH Kom-ek ez ditu sareak ustiatuko, bezeroek nahi duten operadorea aukeratu ahal izango dute. Operadore neutro papera hartuko du kooperatiba berriak: sarearen arauak, bitartekaritza, gobernantza, kudeaketa… Horretaz gain, interesa duten udalerriei aholkularitza tekniko eta juridikoa emango die: sareak diseinatu eta garatu, finantzazioa lortu, tokiko operadorea sortzeko prozesua eta gobernantza ereduak dinamizatu… Tokiko operadore digitalen adibide bat Oñatiko Onaro da, 2021eko Euskarabilduan Oñatiko alkateordeak proiektuaren berri eman zigun.

EH Kom irabazi asmorik gabeko kooperatiba integral bezala eratu dute. Diru sarrerarik izatekotan, proiektuaren iraunkortasunean, hobekuntzan eta berrikuntzak inbertitzeko asmoa agertu dute. Kooperatiban hiru motatako bazkidetzak egongo dira:

  • Bazkide langileak: Kooperatiben oinarri filosofikoei jarraituz langileak bazkide izango dira. Lanaldi osoan ari direnek 1.500 euro garbi jasoko dituzte gutxienez hilean. Bazkide egitean kooperatibaren kapital sozialera ekarpen minimo bat egin beharko dute, lanaldi osoan ari diren bazkide-langile finkoek, adibidez, 500 eurokoa.
  • Bazkide erabiltzaileak: EH Kom-en azpiegiturak erabil ditzaketen eragileek osatuko dute multzo hau, gehien bat, udalerriek eta tokiko operadoreek, adibidez, Izarkom-ek. Udal edo enpresa bakoitzak bere borondate eta ahalmenaren arabera egingo du kapital-ekarpena, baina gida bezala, biztanleria edo langile-kopuruaren araberako gomendio batzuk egingo dituzte. Esaterako, 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek edo 5 langile arteko erakundeek 1.000 euro jarri beharko dituzte.
  • Bazkide laguntzaileak: Egitasmoarekin bat egiten duen edozein eragile izan daiteke bazkide laguntzaile. Kapital-ekarpenarentzat aurreko multzoarentzat egindako gomendioak jarraitzeko gomendioa egiten dute, beti ere, nahi eta ahalmenaren arabera.

Hemen ikus dezakezue EH Kom-en aurkezpenari buruz Hamaika Telebistak egindako erreportajea:
(Creative Commons, baina lizentzia zehatza zein den ez dute jartzen)