Eskoletan Microsoft Office 365 erabiltzea legez kanpokotzat jo du Alemaniak

Alemaniadatuen babesaGDPRGooglehezkuntzaMicrosoft

Alemaniako Datuen Babeserako Konferentziak (Datenschutzkonferenz) erabaki du eskolek ezin dutela legez Microsoft Office 365 erabili, ez dagoelako argi multinazionalak ze datu bildu, partekatu eta erabiltzen dituen, eta europarren datuak AEBetara transferitzea legez kanpokoa delako.

Microsoften tresnaren legezkotasunaren inguruko zalantzak lehenagotik datoz. 2019an Alemaniako Hesse estatuko datuen babeserako eta informazio askatasunerako komisarioak bertako eskoletan Office 365 erabiltzea debekatu zuen arrazoi beragatik, Google eta Appleren hodeiko zerbitzuekin batera. Ondoren, 2020an Alemaniako Datuen Babeserako Konferentziak ondorioztatu zuen Microsoft Office 365ek ez zuela betetzen Europako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (GDPR). Jarraian Microsoftekin hizketan hasi ziren, multinazionalak legea betetzeko hobekuntzak egin zitzan.

Bien bitartean, 2022ko ekainean eskoletan Microsoft 365 erabiltzea debekatu zuen Alemaniako Baden-Württemberg estatuak ere, eta Euskal Herrian kontrako bidea hartu zuen EHUk ikasle guztiak Microsoft Office 365 kontua edukitzera behartuz.

2022ko irailean Microsoftek bere produktuaren legezko testuan aldaketak egin zituen, baina Alemaniako datuen babeserako agentzien arabera ez da legea betetzeko nahikoa. Ondorioz, erabaki dute eskolek ezin dutela legez Microsoft Office 365 erabili. Azaroaren 15ean, Frantziako Hezkuntza Ministroak ere antzeko kezka adierazi zuen, eta eskoletan Microsoft Office 365 eta Google Workspaceren doako bertsioak ez liratekeela erabili behar esan zuen.