Pinguinoak desertuan: Eskola 2.0ko eramangarriak TxikiLinuxekin amazig haurrentzat

AmazigElkartasunaElkartenethezkuntzaTxikilinux

Elkartenet eta Agharas elkarteetako kideek berreskuratu eta TxikiLinux instalatutako 22 ordenagailu eraman dituzte Afrika iparraldeko Errachidia (Imetɣaren amazigeraz) eskualdera, bertako ikastetxeetako irakasleei aurkeztu eta formazioa emateko. Tokiko amazig erakundeekin lankidetzan, berreskuratutako informatika-ekipoak hezkuntzan erabiltzea helburua duen Mugarik gabeko ikasgelak proiektuaren barne egin dute bidaia.

Bizkaiko Elkartenet eta Agharas elkarteak dauden ekimen solidario honen atzean. Elkartenet duela gutxi aipatu genuen teknologia burujabetzari buruzko albistegi honetan, Donibane Lohizuneko ikastolari Bizkaiko ikastetxeetatik berreskuratu, berregokitu eta TxikiLinux instalatutako ordenagailuak eman izanaren harira. Agharas Bizkaiko imazigen (amazig pluralean) elkartea da. Guztira 400 eramangarri eta ordenagailu, eta sei inprimagailu, bildu dituzte proiektuan eta hamabi gela informatiko sortu nahi dituzte Errachidia eskualdean, egokitutako TxikiLinux erabiliz, amazig haurrek jolasaren bidezko ikaskuntzan oinarrituta informatika klaseak jaso ditzaten.

Maiatzak 9tik 14ra Errachidia eskualdeko hainbat ikastetxetan izan dira. Bertako Mellab komuna inguruetako behartsuena da eta ez dute oinarrizko hezkuntzarako ez lehen hezkuntzarako sarbiderik. Senideek hartu ohi dute zeregin horren ardura. Eskola-uzte goiztiarra altua da eta gurera etortzen diren adingabeko migratzaile asko bertatik datoz. Ikastetxe bakoitzean pertsona bat lotzen saiatu dira, prestakuntza Bilbotik jarraitu, eta ondoren inguruko irakasleak forma ditzan. Hezkuntzan software librearen erabilerari eta hardware konponketei buruzko tailerrak ere eman dizkiete inguruko elkarteei.

Mellab-etik harago, Touroug herriraino ere joan dira. Bertan 700 ikasle baino gehiago biltzen dituzten hainbat eskola txiki daude. Horietako bat, herrigunetik urrunen dagoena, kanpamentu nomada batean dago. Bertako umeak Tourougera joaten dira batzuetan, besteetan Mustapha Khayi irakaslea da kanpamendura gerturatzen dena. Ikasleek behar dituzten bateria berriak nola edo hala lortuko dituztela agindu zioten Mugarik gabeko ikasgelak proiektuko kideek.

Argazki galeria

Egileak: Elkartenet eta Agharas elkarteak.

Elkarbanatu
Menua