[ZUZENEAN] Administrazioaren algoritmoen erregistro publiko bat sortzeari buruzko agerraldia Eusko Legebiltzarrean

Adimen artifizialaAlgoritmoen erregistro publikoaEusko Legebiltzarra

Administrazioak erabiltzen dituen algoritmoen erregistro publiko bat sortzearen inguruan hitz egingo dute nazioarteko lau adituk Eusko Legebiltzarrean 9:30etatik aurrera, EH Bilduko Lore Martinez Axpek proposatuta.

Agerraldi eskaeran jasotzen denez, adimen artifizialaren erabilera gero eta hedatuagoa dago bizitzako arlo guztietan, eta administrazio publikoak ez dira salbuespena. Administrazio publikoak gero eta automatizatuago daude, eta adimen artifiziala erabiltzen dute herritarren datuekin algoritmoak aplikatuz. Algoritmo horien artean daude:

  • VeriPol algoritmoa salaketa faltsuak hautemateaz arduratzen da. Horretarako, ikaskuntza automatikoa eta hizkuntza-prozesamendua erabiltzen ditu, deiak aztertu eta salaketa faltsuak identifikatzeko.
  • Ris Canvi algoritmoa duela hamabi urte baino gehiagotik erabiltzen da Kataluniako espetxeetan, preso bat aske uztean berriz delitu bat egiteko duen probabilitatea kalkulatzeko.
  • VioGének genero-indarkeriako erasotzaileek beste eraso bat egiteko arriskua estimatzen du. Ez dago argi nola kalkulatzen duen pertsona baten arrisku-puntuazioa.
  • BOSCO algoritmoa argindarraren fakturaren ordainketaren gizarte-bonua erregulatzeko erabiltzen da. Eskaerak berrikusteaz arduratzen da, eta emaitza erabakitzeko gai da.

Algoritmoen erabilera gero eta handiagoak kezka sortzen du pribatutasunaren ikuspegitik. Baita algoritmoek jendarteko desorekak erreproduzitzeko arriskua dagoelako ere: genero-alborapena, arraza-alborapena, demografia-alborapena eta alborapen sozio-ekonomikoa. Mehatxu horiei aurre egiteko algoritmo-sistema justu eta etiko bat sortzea proposatzen du Lore Martinez Axpek, administrazio publikoak gardena izan behar duelako, eta herritarrek informazio osoa eta ulergarria izan behar dutelako algoritmoek beren bizitzetan duten eraginari buruz. Bide horretatik, hiri batzuetan dagoeneko sortu dute algoritmoen erregistro publikoa, adibidez, Bartzelona, Amsterdam eta Helsinkin.

Gaian sakontzeko lau adituk hartuko dute hitza Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, ordena honetan:

  • Ulises Cortés: Universitat Politècnica de Catalunyako (UPC) katedraduna eta ikertzailea, eta adimen artifizialaren arloan aditua.
  • Michael Donaldson Carbón: Bartzelonako Udaleko Berrikuntza Teknologikoko, Administrazio Elektronikoko eta Gobernu Oneko ordezkaria.
  • Manuela Battaglini Manrique de Lara: Abokatua eta etika digitaleko aholkularia, erabaki algoritmikoetan eta datuen babesean aditua.
  • Gemma Galdón-Clavell: Doktorea, etika teknologikoan eta erantzukizun algoritmikoan aditua. 2020ko Euskarabildua Jardunaldietan Anaia handia pandemiko baterantz? hitzaldia eman zuen eta horren harira elkarrizketa egin zioten ARGIAn: “Algoritmoak normalitatea pribilegio bihurtzeko makinak dira.

Eusko Legebiltzarraren webgunean zuzenean jarraitu daitezke agerraldiak.