Datuak gara eta geuk sortzen ditugun datuek produktu bihurtzen gaituzte

Kaixo guztioi, Eli Pombo naiz eta ongi etorria eman nahi dizuet Iametzaren Hodeia Ez da Existitzen lehen podcast honetara.

Podcast kanal honen bidez teknologiari buruz guztiok ulertzeko moduan hitz egin nahi dugu, baina batik bat teknologia burujabetzaz eta software libreaz aritu nahi dugu; teknologia gure mesedetara erabiltzeko tresna gisa ulertu; teknologiarekiko gaur egun dugun menpekotasunaz jabetu; euskal gizartearen kontzientziak astindu eta teknologikoki ahaldundu nahi dugulako.

Lehen saio honi hasiera emateko urriaren 29an Donostiako San Telmo museoan Iametzak, Argiak eta Ametzagaiña taldeak antolatu genuen Euskarabildua jardunaldiaren bederatzigarren edizioan entzundakoak ekarri nahiko nituzke.

Jabetzen hasiak gara digitalizatutako eta etenik gabe konektatutako munduan datuak kontsumitzeaz gain, jaikitzen garen momentutik oheratzen garen arte eta lo gauden bitartean ere, datuak sortzen gabiltzala, modu kontzientean edo inkontzientean (egunean zenbat kilometro egiten ditugun oinez, nondik nora ibili garen, zer garraio erabili dugun, zer pelikula ikusi dugun…). Datuak gara eta geuk sortzen ditugun datuek produktu bihurtzen gaituzte. Eta ez edozein produktu, Amerikako Estatu Batuetako irizpideen araberako produktu, hain justu. Gehienetan gure datuak Estatu Batuetako zerbitzarietan daude eta ez dakigu Google, Amazon, Facebook, Apple edo Microsoft bezalako konpainiek zertarako erabiltzen dituzten.

Doako aplikazioak eskura jartzen dizkigute, errazak dira, bai, ezin ukatu, baina lehen aldiz ahaztea gogoratzea baino zailagoa den gizarte baten partaide bihurtu gara, pixkanaka-pixkanaka, baina gero eta azkarrago, eta konturatu gabe.

Gemma Galdon Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak esan zuen Anaia Handia bat sortzen ari garela, baina Anaia Handi kutre bat. Gemmak lo-zorrotik esnatzeko astindu bat eman zigun. Esan zuen benetako arazo sozialetan eta horien soluzioetan pentsatu gabe, adimen artifiziala eta teknologia berritzaileetan inbertitzen dela, arazo zehatzak konpontzen laguntzen ez diguten zientzia fikziozko proiektuetan, teknologia bitarteko baino helburu balitz bezala. Eta bitartean gure datuak beste batzuek metatu, irakurri eta aztertu ditzaten uzten ari gara. Zertarako? Erosiko dugun hurrengo jertsea aholkatu diezaguten? Eta bitartean herri eta erkidego desberdinetako hildakoen datuak ezin partekatuta gabiltza, elkarrekin komunikatuko diren datu-baseak eraiki ezinik. Azken 20 urteak datu baseak osatzen eta teknologia aspergarriak garatzen pasa izan bagenitu, pandemiari osasun sistema elkar konektatu eta antolatuago baten bidez aurre egiteko moduan egongo ginateke. Eta posible da hori lortzea norberaren pribatutasuna gordez, sistema konektatuak baina era berean deszentralizatuak eraikiz, Radar Covid APP-ak egiten duen antzera.

Marga Padilla, Dabne Kooperatibako kideak Euskarabilduan esan zuen moduan, pribatutasuna eskubide kolektibo bezala ulertzean dago gakoa eta pandemia eszenategi egokia izan daiteke datu burujabetza lantzeko, datuen saretzea eta homogeneizazioa lortzeko, goitik ezarria etorriko ez den sistema bat eraikitzeko.

Asko daukagu ikasteko, asko esperimentatzeko, baita eta bereziki eskolara joateko adinean ez gaudenok. Eta bitartean zer hezkuntza ari gara eskaintzen gure seme-alabei? Mikel Garcia Argiako kazetariak esan zuen moduan ikastetxeetako arduradunek nahita edo nahi gabe alfonbra gorria jartzen diote Google-i, gure haurren datuak berriro ere Ameriketan daude. Baina berdin du, teknologiari buruz ari garenean, irizpide kritikorik ez dago pentsamendu kritikoaren sehaska izan beharko lukeen guneetan. Badirudi teknologia neutrala dela.

Baina aizue, honaino iritsi bazarete, entzuteko tartea hartze hutsa lehen urratsa da, jabetzetik ahalduntzera bidea egiten lagundu nahiko genuke eta bide horretan helmuga berrietara iritsiko bagina, gure helburua beteta legoke.

Aurten ere Euskarabilduan asko ikasi dugu. Ezin izan bazenuen jarraitu, euskarabildua.eus webgunean duzu informazio guztia.

 Eta bitartean, gogoratu, Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da.