Datu sortzaile garen heinean, eskubidea badugu nork eta zertarako erabiliko dituen datu horiek jakiteko

Datuak, herritar digitalak, jabetza, burujabetza, software librea, politika digitala…  besteak beste horiek dira Iratxe Esnaolaren elkarrizketari jarriko genizkiokeen etiketak.

Hausnarketarako abiapuntu interesgarria jarri digu Iratxek, datuetatik abiatuta, botere harremanak edo konpromiso soziala bezalako kontzeptu zabalagoetara pentsamendu bidaia egiteko aukera ematen baitigu.

Datu kontsumitzaileak izateaz gain, sortzaileak ere bagarela esan dugu behin baino gehiagotan. Sortzaile izateak ondasuna edo ondarea sortzea dakar eta ondorioz horren egile zarela sentitzea, musikariak bere diskoa, marrazkilariak bere margolana edo idazleak bere liburua sortzen duenean bezala. Eta musikariak, marrazkilariak edo idazleak bere obrarekin zer egin nahi duen, zertarako erabilia izan dadin erabakitzeko gaitasuna duen bezala, geuk ere gaitasuna izan beharko genuke geure datuak zertarako erabiliak izatea nahi dugun erabakitzeko.

Datuak erabiltzea ez da txarra bere horretan, gizarteari ekarpena egiteko baliatu daitezke (garraio publikoa hobeto antolatzeko, zerbitzu publikoen optimizazioa bideratzeko eta abar). Baina datu sortzaile naizen heinean, eskubidea ere badut jakiteko zertarako erabiliko diren datu horiek eta nork erabiliko dituen. Bigarren puntu hau da batik bat garrantzitsua.

Izan ere, teknologia ez da neutrala eta teknologiaren atzean dauden enpresa eta erakundeak ere ez. Horregatik inoiz baino garrantzitsuago bihurtzen da enpresa eta erakundeek euren konpromiso sozialaren manifestua modu publikoan eta gardenean aurkeztea, herritarrok geure datuak noren eskuetan uzten ari garen jakin dezagun. Zer gutxiago eskatu munduko eta baita Euskal Herriko erakundeei eta enpresei, Garapen Jasangarrirako Helburuekiko atxikimendua hain zabaldua dagoen garaian.

Hauxe da jabetza eta burujabetzaren arteko aldea, jabe izateaz eta sentitzeaz gain, erabakitzeko ahalmena eta gaitasuna izatea.

Horretarako ordea, teknologia burujabetzaren gizarte-ekosistema antolatu behar dugu, herritar digitalon aukera berdintasunean oinarrituta. Ekosistema bat, non webgune edo hornitzaile jakin batzuen lehentasunik emango ez den… Eta horrek beste ideia batera narama: Botere harremanak teknologian. Ez diot soilik genero arteko desorekari aipamena egiten (teknologian gizonezko gehiago dago emakumezkoak baino, beti entzuten den esaldia), sistema oso bati baizik, non besteak beste, bilaketen ordena Google deitzen den enpresa erraldoi batek erabakitzen duen.

Gizarte-ekosistema horri Iratxe Esnaolak estrategia digitala deitzen dio. Eta bai, bada garaia Euskal Herriak bere estrategia digital propioa izan dezan, euskara, partekatzea, software librea, ekonomia lokala edo herritar digitalen ahalduntzea bezalako kontzeptuak bere barnean hartuko dituena.

Eta badakizue estrategia digital horren lehen lerroak zer esan beharko lukeen? Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da.