Hezkuntza burujabearen digitalizazioa Eusko Legebiltzarrean

Diana Franco Hezkuntzan Librezaleko kide da eta Eusko Legebiltzarrean izan berri da pasa den otsailaren 8an Hezkuntzan Librezaleko ordezkari gisa. Hezkuntza burujabearen digitalizazioari buruz hitz egin zuen. Bere aurkezpenean, besteak beste, software librea, euskara eta Google-i buruz aritu zen Diana. Nahi duenarentzat bere agerpenaren bideoa interneten aurkitu daiteke, Hezkuntzan Librezale taldearen webgunean.

Saio honetarako Diana Franco elkarrizketatzeko aukera izan dugu. Besteak beste, hurrengo galderei erantzuna ematen saiatuko gara: Zeintzuk dira multinazionalen esku uzten ditugun gure seme-alaben datu horiek? Zertarako erabiltzen dituzte? Zer gertatzen da geletan egiten den Chromebook-aren erabilerarekin? Nola eragiten dio Chromebook-aren erabilera datuen jabetzaren egoera honi? Zergatik eman behar zaio garrantzia teknologia burujabetzari ikasteko prozesuan?

Elkarrizketarekin sartu baino lehen, kokatzeko interesgarria izan daiteke euskal hezkuntzaren egoeraren inguruan, Hezkuntzan Librezale taldeak azaltzen dituen 5 kezka edo erronka nagusiak zeintzuk diren.  Hauek dira taldearen adierazpenean jasota dauden puntuak:

  1. Gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzteak ikasleon pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten du. Entitate publikoek bultzatuta gure ikasleak produktu bilakatzeak inplikazio larriak ditu.
  2. Bost urteko bizitza bakarrik bermatzen duten Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da, zaharkitzapen programatua berrerabilpenaren kontra baitoa.
  3. Gure ikasleek erabiliko dituzten gailuetan euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Are eta gehiago, Chromebook gailuetan, gaur egun, hainbat atal ez daude euskaraz.
  4. Ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea, hezkuntza digitalaren murriztea da. Gaitasun digitala, Europa eta Euskal Herriko hezkuntza legeen arabera, ikasleek lortu beharreko oinarrizko gaitasuna da, eta tresna horietara mugatzeak ez du inola ere hau bermatzen.
  5. Hezkuntza komunitatearengan tresna hauekiko dependentzia sortzeko arriskua arazo larria da. Enpresa pribatuen produktuen erabiltzaile eta bezero potentzialak sortzen ari gara, instituzioek bultzatuta.