Hezkuntza burujabearen inguruan hausnartzea garrantzitsua da

Zergatik da garrantzitsua Euskal Herrian hezkuntza burujabearen inguruan hausnartzea? Hau da beharbada gai honen inguruan hausnartzeko gure buruari egin behar diogun lehenengo galdera. Gaur egun erraldoi teknologikoek irakaskuntzaren eremua ia guztiz monopolizatuta dutela esan genezake. Hezkuntzaren eremua da nabarmenetakoa, non Google edo Microsoft tresnen sarrera masiboa izan den azkeneko urteetan batez ere.

Erraldoi teknologiko hauen tresnak erabiltzeak uste dugun baino eragin handiagoa du gazteengan. Ez bakarrik sortutako datu guztiak haien eskuetan jartzen ditugulako, gaur egun hau nahiko barneratuta daukagu (eskerrak). Beste arrazoi bat dago, are kezkagarriagoa dena, beste tresna batzuk ezagutzea eragozten diegula, alegia.

Puntu honetan, beste galdera bat egin beharko genioke gure buruari: nola kudeatu digitalizazioa hezkuntzaren eremuan? Jakina da digitalizazioa gure egunerokotasunean funtsezko elementua izateaz gain, gizartea eraldatzeko tresna ere badela. Eta horregatik bakarrik, ezinbestekoa da gure ikastetxeentzat nahi dugun digitalizazioaren bideorria planifikatzea. Izan ere, erraldoi teknologiekoek eskura jartzen dizkiguten tresnak erabiltzearen arrazoi nagusietako bat, digitalizatzeko beharrari erantzuteko plangintza zehatzik ez edukitzea da.

Azken urteotan, Google eta Microsoft tresnen aldeko apustu garbia egin da. Gaur egun, errealitate hori aldatzeko lanean ari diren taldeak daude, hala nola, Hezkuntzan Librezale. Talde horren kide den Iñigo Gebararekin hitz egiteko aukera izan dugu saio honetarako. Talde honek indartzen duen gauzetako bat hezkuntzaren munduan digitalizazioaren bidea planifikatzearen garrantzia da, esan bezala, askotan planifikatu gabeko erabakiak hartzen ditugulako.

Zehazki, honako hauek dira digitalizazio egoki batek jaso behar dituen logikak:
• Pribatutasuna eta datu-babesa bermatuko duen digitalizazioa.
• Gaitasun digital zabal eta osoa sustatuko duen digitalizazioa.
• Euskara ardatz izango duen digitalizazioa.
• Ekologikoki jasangarria den digitalizazioa.
• Ongizatea eta ikasleen bizi-kalitatea bermatuko duen digitalizazioa.

Kezka honetatik abiatuta, bada Katalunian martxan jarri den proiektu berri bat, Xnet izenarekin. Zer da Bartzelonako Xnet eredua? Katalunian hezkuntzaren digitalizazio demokratikorako martxan jarri den plan eta esperientzia pilotua da. Beraien atarian azaltzen duten bezala, “Xnetek digitalizazio segurua eta pertsonen subiranotasunarekiko errespetuzkoa orokortu nahi du, pribatutasuna eta datuen kontrola bermatzeko eta hezkuntza-komunitatearen eskubide digitalak modu integralean babesteko”. Azken finean, normalean erabiltzen diren Google edota Microsoft tresnei alternatibak eskaintzea da helburua.

Proiektuaren helburua, besteak beste, giza eskubideak errespetatzen dituzten norberaren zerbitzariak edo besteenak hartzea da. Alternatiba hauen artean aurkitzen ditugu Nextcloud, Moodle, Big Blue Button eta Jitsi, besteak beste. Helburua betiere ikastetxeen beharretara hurbiltzea da, erabilgarritasun maila handitzea, aukeratutako eredu eta tresnak erabat lehiakorrak izan daitezen, kalitate tekniko handiko eta erraz erreplika daitekeen plataforma integral bat erabiliz.

Zeintzuk izan daitezke urratsak Euskal Herrian horrelako zerbait erreplikatzeko? Galdera honi erantzuna ematen saiatzeko Iñigo Gebararekin utziko zaituztegu. ARGIAko Axier daukagu beste aldean elkarrizketa hori gidatzeko. Axier ARGIako kazetaria da eta teknologia burujabetza gaietan aritzen da besteak beste.