Hezkuntza burujabetzarako bidean Ipar Euskal Herrian eman diren azkeneko urratsak

2022 urte hasieran Ipar Euskal Herriko hezkuntzan teknologia burujabetzara bidean, bi urrats itxaropentsu eman dira. Lehenengoa, Donibane Lohitzuneko ikastola TxikiLinux erabiltzen hasi da. Bigarrena, Baionako Etxepare Lizeoko 140 ordenagailuak Debian sistema eragilearekin erabiltzen direla jakin dugu. Bi albiste berri hauetan jarri nahi izan dugu begirada saio hau egiteko. Gai hauetan gehiago sakontzeko Eder Etxeberriarekin egon gara. Eder Donibane Lohitzuneko gurasoa da eta Bernat Etxepare lizeoko irakaslea da.

Gai honekin lotuta burura datorkigun lehenengo kezka hurrengoa da: Gaur egungo sistemak egiteko modu bakarra erakusten die gazteei. Hasieratik, egiteko modu bakarra erakusten badiegu, ez bakarrik ez dituzte gainontzekoak ezagutuko, ez dute horren inguruko pentsamendu kritikorik garatuko. Hezkuntza sistemak pentsamendu kritikoa garatzea erraztu beharko luke. Hasieratik gure haurren irakaskuntzan egiteko modu bakarra sartzen badugu, ez diegu uzten beste bide batzuk ezagutzen, eta are gehiago, ez diegu laguntzen teknologiaren inguruan pentsamendu kritikoa garatzen.

Egiteko beste moduez hitz egiten badugu, gure inguruak aukera asko eskaintzen dizkigu. Ederrekin teknologia burujabetzak hezkuntzan dituen erronka nagusiei buruz hitz egin genuenean, besteak beste, esan zuen kezkagarria zela Google eta Windows gure sisteman nola sartu diren ikustea eta zer nolako menpekotasuna dugun haiekiko. Gaur egun, gure inguruan enpresa asko daude teknikoki erraldoi teknologiko horiek alde batera uztea posible egingo luketenak. Zergatik ez dugu egiten? Hori da kontua.

Bideragarritasun ekonomikoa eta erabilgarritasuna, horiek dira gai honetan funtsezkoak diren bi kontzeptuak eta ikastetxeentzat ezinbestekoak diren bi ezaugarri. Bada, badakigu gaur egun dauden alternatibak ekonomikoak direla eta funtzionatzen dutela.

Podcast saio honetako elkarrizketa entzutera gonbidatzen zaitugu. Bertan, Eder Etxeberriak Donibane Lohitzuneko ikastolan TxikiLinux proiektua nola bizi den kontatu digu eta horrekin alternatibak irakasteak duen garrantziaz eta gure lurraldean teknologia burujabetzarako bidean aurrera egiteko dugun gaitasunaz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Gainera, ikuspegi ezberdinak ere entzungo dituzu: nola bizi dute barrutik irakasleek? Eta haurrek? Eta gurasoek? Guztia azkeneko saioan daukazu entzugai.