“Sakananet gure komunal digitala da”

Hodeia ez da existitzen podcastaren saio hau Arakilgo Udalean grabatu dugu, Nafarroako Sakana haranean, Euskal Herriko erdigune geografikoan. Sakananet proiektuari buruz hitz egin dugu eskualdeko 3 solaskiderekin: Iker Manterola Matxain (Sakanako Garapen Agentziako kudeatzailea), Oihana Olaberria Jaka (Arakilgo Udaleko alkatea) eta Maialen Martiarena (Guifi.net Fundazioko langilea).

Zer da Sakananet? Zergatik sortu zenuten?
IKER
: Proiektua Sakanako plan estrategikotik dator, eskualdea berraktibatu eta bere garapen sozioekonomikoa bultzatzeko ekimenetik. Planean ikusi zen beharretako bat zuntza Sakana osora zabaltzea izan zen. Kontuan hartu behar da, garai hartan, hainbat herritan ez zegoela zuntzik, ezta herri nagusietan ere, Etxarrin adibidez. Behar hori mahai gainean jarri zen eta hainbat saiakera egin ostean, oraingoan lortu dugu zuntzik gabe zeuden herriei zerbitzua ematea.

Hainbat lekutan gabeziak zeuden, batez ere herri txikietan, eta bertako herritar eta enpresei eman zaie zerbitzua. Herri handiago batzuetan, zuntza egonik ere, baziren hainbat auzune eta industria-gune Internet gabe zeudenak. Fasez fase eta pausoz pauso doan proiektua da, eta lehenengoan lortu dugu Irurtzundik Etxarri Aranatzeraino behintzat, herri guztietan, baldintza duinetan estaldura izatea.

Sakananet telekomunikazio-sare mankomunatua da. Zer esan nahi du horrek?
IKER
: Mankomunatuak esan nahi du eragile ezberdinek osatutako, bultzatutako eta gobernatutako azpiegiturak direla. Sakananet proiektuak 3 hanka nagusi ditu. Alde batetik, tokiko eragileak daude: garapen-agentzia eta tokiko udalak. Beste aldetik, Guifi.net Fundazioak gaitasun teknikoak eta bestelakoak eskaintzen dizkio proiektuari. Eta, hirugarrenik, herritarren parte-hartzea dago: azpiegitura horri sustengua, babes ekonomikoa… ematen. Proiektua abian jartzeko hainbaten esku hartzea egon denez, bere jarraipena eta garapena ere oin horien gainean eraikitzen da, baita gobernantza eta etorkizuneko garapen guztia ere.

Sare mankomunatua zer den azaltzeko beste modu bat, Sakanako errealitateari oso lotua dagoena, komunalena edo lur komunalena da. Beste hainbat tokitan lur publiko balira bezala ikusten dira, baina Sakanan herritarren lurrak dira. Ondare publiko-komunitario horren erabileran, gobernantzan, hobekuntzan eta zaintzan udalak eta herritarrek parte hartzen dute. Uste dut oso figura egokia dela Sakananet zer den irudikatzeko. Sakananet gure komunal digitala da. Azpiegitura publikoa eta komunitarioa da, ze parte hartzen dute udalek, parte hartzen dute herritarrek, parte hartzen du Guifi.net Fundazioak, eta bestelako hainbat eragileri ere irekia dago.

Maialen, ezagutzen ez duenarentzat, azalduko diguzu zer den Guifi.net Fundazioa eta zer helburu dituen?
MAIALEN: Guifi.net Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde bat da eta Katalunian du egoitza. Azken urteotan Nafarroan ere ordezkaritza bat ireki du, Iruñean. Fundazioa orain dela 10 urte baino gehiago sortu zen, telekomunikazio sare mankomunatu, ireki, aske eta neutral bat zabaltzeko asmoarekin, operadore handiek iritsi nahi ez duten eremuetara iristeko. Telekomunikazio sare komun hori, bai irrati-loturaz, bai zuntz optikoaz eratzeko, hainbat proiektu bideratu eta koordinatzen ditugu, landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko eten digitala ezabatzeko asmoarekin, eta hurbileko operadoreekin zerbitzua eskainiz.

Eta nola finantzatu duzue Sakananet sarea? Nola funtzionatzen dute ekarpenek?
OIHANA: Ikerrek esplikatu duenaren haritik, eragile askoren lankidetzatik sortu den proiektu honen finantziazioan ere komunalen eredua erabiltzen dugu. Alde batetik, herritarrek finantzatzen dute, Guifi.net Fundazioak ere bere zatia jartzen du, Sakanako Mankomunitateak eta bertako udalek ere parte hartzen dugu, baita Sakanako Garapen Agentziak ere, operadoreek, eta, azkenik, Nafarroako Gobernuak ere parte bat jarri du proiektua aurrera atera ahal izateko.

Ekarpenak herritarrek proiektu honen finantzazioan parte hartzeko modua dira. Hasierako ekarpen bat egin daiteke, 1.200 eurotakoa. Ekarpen horrek onura fiskalak ditu, jarritakoaren %25a berreskuratu egiten da errenta aitorpena egitean. Horretaz gain, ekarpena egiten dutenei “lineako kuota” kentzen zaie betiko eta ondorioz 17 euroko deskontua egiten zaie hileroko fakturan. Urtean 204 euro aurrezpena da hori. Modu horretan, egindako ekarpena lau urtean amortizatzen da. Ohiko operadoreek aldiz bizitza osoan zehar kobratzen dizute azpiegitura ezartzeko egin duten inbertsioa. Horrek ez du zentzurik. Fundazioarekin egiten baldin bada kontratua, ulertzen da azpiegitura hori pagatuta geratzen denean ez dagoela horregatik ordaintzen jarraitu beharrik.

Sakanan udalerri eta herri txiki asko daude. Herritarren eta udal politiken ikuspegitik ze aukera eskaintzen ditu Sakanetek?
OIHANA: Nik esango nuke orain arte ez genuen aukera bat zabaldu digula Sakananetek. Beti kexaka aritu gara hiriei zuzendutako politika egiten dela eta landa eremuak pixkat utzita daudela. Iruñea Sakanatik 20 minututara dago, baina mundu bat dago, hainbat gaietan, Iruñearekiko. Sakananetek aukera berdinak jartzen ditu mahai gainean. Orain arte, demagun Arakil batean, ezin genuen etxetik lan egin, ezin genuen etxetik ikasi, eta pandemiak oso agerian utzi du arrakala digital hori. Sakananetekin zerbitzuen aldetik berdintasunerantz pausu handi bat eman dugula iruditzen zaigu.

Sakanan operadore handiak sartu izan dira, baina sartu dira herri handienetan, eta herri handi horietan ere zailtasunak zeuden eremuetan zuntzik ez dute jarri. Gelditu gara Arakil bezalako, edo Ergoiena, edo Irañeta bezalako udalerri batzuk zuntzik gabe. Hori izan da, argi eta garbi, operadore handiek interes ekonomikorik ez zutelako. Oso biztanle gutxi gara herri bakoitzean eta baztertuta uzten gaituzte beti hainbat gauzetan. Nafar Gobernura joan izan garenean, galdezka zergatik Telefonicak ez ote zuen Arakilera edo Arruazura edo Irañetara etorri behar, esaten ziguten pazientzia-kontua zela. Orain arte, operadore handiek subentzio bidez funtzionatu izan dute, diru laguntza tokatzen zen urtean etorriko zirela esanez. Guk pauso bat aurrera eman dugu. Pazientzia bukatu zaigu. Uste dugu eskubide berdinak izan behar ditugula, eta Fundazioaren bitartez eta hainbat udalen laguntzari esker, herri txikiek ere konexioa izatea lortu dugu.

Eskualdearen garapen sozioekonomikoari begira ere onuragarria izan da, ezta?
IKER: Bai, Sakanako Garapen Agentziaren aldetik bi arrazoirengatik oso positiboki baloratzen dugu. Alde batetik, Oihanak esan duen bezala, orain arteko eskema hainbat egoeren aurrean itxarotea, pazientzia izatea izan da. Horrek udaletan ere eragiten zuen, kexaren dinamika horretan katramilatzen gintuzten. Proiektu honekin ikusi da, kexatzetik proposamenak egitera eta horiek aurrera emateko gaitasuna izatera eta lortzera igaro gaitezkeela. Horrelako proiektu batek, bere konplexutasun guztiarekin, izan ditzakeen arazoei aurre egin eta, hala ere, martxan jartzea lortu dugu. Uste dut horrek garapen sozio-ekonomikoaren ikuspuntutik badaukala norbere lana balioan jartzearen balore hori. Eta, batez ere, hau egiteko gai izan baldin bagara, beste hainbat arlotan ere, zergatik ez? Ahalduntze kolektiboa da eta guretzat oso-oso positiboa da.

Bestalde, maila teknologikoan eta enpresaren munduari lotuta, tokian tokiko ezagutza sortzeko aukera ikusten dugu. Batez ere, Guifi.net fundazioarekin batera, beste hainbat tokitan egindako ekimenak ikusita. Hornitzaile txikiei aukera ematen zaien heinean, teknologiari lotutako zerbitzu espezializatuak sortzeko aukera eskaintzen dugu. Gero, hori gauzatu behar da. Beste baldintza asko eman behar dira holako ekimenak sortzeko, baina nik uste dut gure konpromisoa eta gure betebeharra zela behintzat aukera horiek eskaintzea, oinarri hori, plataforma hori, sistema hori… Hor ekin nahi dionari nolabaiteko laguntza ematea. Lehenengo fasean gaude. Martxan jartzen ari da, baino honi aukerak ikusten dizkiot, batez ere epe luzera, epe luzeko lanketa bat denez, gure gaitasun eta aukeren arabera joango gara lanean.

Zein da gaur egungo egoera? Sakananet zerbitzua erabilgarri dago?
OIHANA: Bai, erabilgarri dago. Jendea konektatuta dago. Ikerrek esan duen bezala, lehenbiziko fasean gaude. Herriren batean zeozer falta da, baina martxan gaude. Momentuz, 4 astetan 100 konexio izan ditugu, eta estimazioa da udara baino lehen 250 konexio eginda edukitzea. Udararako jada hasiko ginateke bigarren fasearekin. Hor zuntza dagoeneko baduten herrietan eta zailtasun berezia duten zonaldeetan konexioa ematen hasiko dira Guifi.net-ekoak.

MAIALEN: Guifi.net-en helburuetako bat beti izan da hiriburu eta herri txikien arteko eten digitala ezabatzea, baina guretzat garrantzitsua da baita pertsona guztiei iristea kalitatezko Internet bat. Sakanan Guifi.net iristen ari da eta iritsiko da inork zerbitzua eskaintzen ez zuen tokietara. Oihanak aipatu duen bezala, bigarren fasean zuntza iritsiko da udal egoitzetara, Irañeta, Arruazu, Uharte, Etxarri eta Arbizu bezalako herrietara. Arazo ekonomikoak dituzten familietara eta egoera zaurgarrian dauden familietara ere iristeko urratsak ematen ari gara. Egoera horretan dauden familiak izango dute aukera, gizarte-zerbitzuen bidez, kalitatezko Internet bat izateko.

Aurrera begira, ze asmo duzue? Nola irudikatzen duzu etorkizuneko Sakana?
IKER
: Guretzako proiektu honek erakutsi digu lan egiteko modu batek eduki dezakeen arrakasta. Baliabide gutxi dituzten herri txikietan gauza handiak egiteko aukera badela. Azken bi urteetan, mankomunitatearen baitan, lantaldeetan antolatuta, etxebizitzen arloan ibilbide bat egiten ari da, telekomunikazioaren arloan ere egin da, eta emaitza gisa Sakananet proiektua dugu. Lan egiteko modu bat garatzen eta indartzen ari gara. Beste hainbat gai ere, bide horretatik lantzeko aukera dago. Sakanako plan estrategikoaren eguneratze-prozesuan gaude, eta hor, udalen aldetik, ikusten da beraien etorkizuna beraien esku hartu daitekeela, eta hainbat arlotan, orain arte atera ez diren hainbat arlotan gainera, proposamenak mahai gainean daudela. Erreferentziak sortu dira hainbat proiekturi lotuta, Sakananet horietako bat, eta etorkizuna lantzeko ilusioa, gogoa eta indarra ikusten ditut. Lan egiteko modu hauetan oinarrituta herritarrek eta Sakanak eskualde bezala izan ditzakeen beharrei erantzuteko bide bat irudikatzen dut.

OIHANA: Bat nator Ikerrekin. Azken 3 urteetan ikusi dut pauso oso handi batzuk eman ditugula Sakana mailan, lan egiteko eran batez ere. Lantaldeka lanean ari gara hainbat gaiekin, eta ikusten da taldean lan eginda pausuak handiagoak eta sendoagoak direla. Nik Sakana positiboki irudikatzen dut hainbat alorretan. Telekomunikazioan ikusi da. Duela bi urte nola geunden eta orain nola gauden. Konexioak martxan daude. Pozik egoteko modukoa da. Etxebizitzarekin ere lan izugarria egiten ari gara. Lan horrek izango duen ondorioetako bat izango da orain arteko etxebizitzaren inguruko Nafar Legean hainbat gauza aldatzea eta gure landa-eremuko ikuspegi hori bertan txertatua egotea. Ez da gauza txikia.  Nik optimismoz jantzitako etorkizuna ikusten dut.

MAIALEN: Guifi.net-en hemendik aurrerako asmoa ahal dugun udalerri gehienetara kalitatezko Interneta helaraztea da. Adibide bezala, Erron egin dugu proiektu bat, orain hemen gaude, Sakananet proiektuarekin, eta aldi berean Oltzan eta Oionen beste proiektu batekin lanean ari gara. Gure helburua da operadore handiak sartu nahi ez duten tokietan Interneta iristea mundu guztiari. Horrelako telekomunikazio-sare mankomunatu bat nahi duten udalerriak gurekin harremanetan jar daitezke sakananet@guifi.net helbide elektronikoa edo 623526529 telefonoa erabiliz.

Argazkia: Sakanako Garapen Agentzia