1997ko azaroaren 1ean ARGIAk argia.com domeinua erregistratu zuen. Euskarazko hedabideetan aitzindaria izan zen sarera salto egiten Nafarroako Mendialdeko Ttipi Ttaparekin batera. ARGIAren inguruan sortutako Ametzagaiña taldearen Ametza zerbitzarian ostatatu zuten ataria, taldearen eta bertako enpresen webguneekin batera: ametza.com, ametza.com, antza.com…
Laster batean igo zituzten lehen edukiak, Euskaldunon Egunkariaren azaroaren 29ko alean irakur daitekeenez, ARGIAk 1963 eta 1996 arteko sei mila elkarrizketako fondoa jarri zuen Internet-en. Elkarrizketen bilatzaileak euskara ulertzen zuela nabarmendu zuten Euskaldunon Egunkarian: “‘abesbatza’ sakatzen duzu, eta emaitzetan ‘abesbatzari’, ‘abesbatzek’ eta gainerako era deklinatuak azaltzen diren elkarrizketak ere agertuko zaizkizu. Hau da, bilatzeko hitzaren analisi morfologiko bat egiten du tresnak, euskararen deklinabidea kontuan harturik.” Garai hartan bilatzaile nagusienetako bat zen AltaVista-k aldiz ez zuen horrelakorik egiten: “‘abesbatza’ hitz zehatza besterik ez zenuke aurkituko, ez gainerako formak”.
Abenduaren hasieran, Durangoko azoka irekitzearekin batera zabaldu zen ofizialki ARGIAren webgunea. Elkarrizketez gain, Asisko eta Markoren komikiak ere jarri zituzten online, eta denda ere martxan jarri zuten: artelanak, liburuak… Aurrera begira Interneteko presentzia indartzen jarraitzeko asmoa agertu zuten, esate baterako, hurrengo urtarrilean kaleratuko zuten Euskal Kulturaren Urtekaria ere online jarriz, “ziber-lehiaketa” abiatuz eta martxo aldera aldizkariaren edizio elektronikoa eta hemeroteka argitaratuz.
Iturriak:
- Domeinu-izenen erregistroen informazioa eta eskuragarritasuna kontsultatzeko Puntu.eus-en whois.eus tresna
- Euskaldunon Egunkariaren 1997-11-29ko 2.166 zenbakiaren 12. orria
- Euskaldunon Egunkariaren 1997-11-30ko 2.167 zenbakiaren 48. orria
- Euskaldunon Egunkariaren 1997-12-07ko 2.173 zenbakiaren 44. orria