Google Analytics erabiltzea legez kanpokotzat jo zuen Austriako datuen babeserako erakundeak

2021-12-22

2021eko abenduaren 22an Google Analytics erabiltzea legez kanpokotzat jo zuen Austriako datuen babeserako erakundeak. 2020ko abuztuan pribatutasunaren aldeko NOYB taldeak 101 salaketa egin zituen Europar Batasun osoko datuen babeserako agentzietan, Google Analytics eta Facebook Connect erabiltzen zuten atari europarrak seinalatuz. Horien artean zegoen Austriako netdoktor.at atariaren aurkakoa izan zen lehen erabakia. Aipatutako webguneak Google Analytics erabiltzen zuenez, eta tresna horrek jasotako informazioak prozesatzeko AEBetara esportatzen dituenez, Europar Batasuneko datuen babeserako legea urratzen zen erabakiaren arabera.

“AEBetako inteligentzia zerbitzuek sareko zenbait identifikatzaile (IP helbideak edo identifikazio bakarreko zenbakiak adibidez) norbanakoak zelatatzen hasteko lehen urrats gisa erabiltzen dituzte”, irakur daiteke DSBren erabakian. NOYB taldeko Max Schrems abokatu eta pribatutasunaren aldeko ekintzaile austriarrak adierazi zuen etorkizunera begira bi aukera ikusten zituela: “AEBetan babes egokiagoa beharko dugu edo bestela produktu desberdinak edukiko ditugu AEBetan eta EBn. Nahiago nuke AEBetan babes handiagoa edukitzea, baina hango botere legegileari dagokio hori, ez Europako inori”.

Iturriak: