ARNASA GARA komunikazio kanpainaren sormena, estrategia eta koordinazioa
Euskararentzat arnasguneak diren udalerriak zein bertako herritarrak ahalduntzea eta dagokien aitortza egitea dira ARNASA GARA komunikazio proiektu honen oinarri nagusiak. Lehen aldia da helburu horrekin komunikazio lanketa zabal bat egin dela eta Iametzako kideak izan gara kanpaina honen estrategiaren, sormenaren eta produkzioaren koordinazioaren arduradunak.
Euskal Herriko administrazio desberdinak izan dira proiektu honetan gure bezeroak eta elkarlanerako taldea: 3ko Itunkide diren Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa; UEMA, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
Kanpaina honek fase desberdinak izan ditu. 2018an hainbat arnasguneetako herritarrekin bilerak egin genituen. Hortik jasotako informazioarekin komunikazio plan eta estrategia bat diseinatu genuen. Garbi geneukan proiektu hau modu berritzailean planteatu behar genuela. Horregatik proposatu genuen Euskal Herriko arnasguneetako jendea bilduko zuen serie digital bat ekoiztea. Ideia hori errealitate bilakatu da abenduan publiko guztiarentzat ikusgai izango den Kartzela serie digitalarekin.
Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzi du EITBrentzat Kartzela serie digitala. Zazpi kapituluko lana izango da. BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak.
Baina abendura arte arnasguneak beraiek izango dira protagonista. Urria eta azaroa bitartean aurkezpen ekitaldi desberdinak egingo dira 22 udalerritan. Horietan Kartzela serie digitalaren lehen bi kapituluak primizian ikusteko aukera izango da, baita herritarrekin arnasguneei buruz eta duten garrantziari buruz hitz egiteko ere.
Proiektuaren xehetasunak
- Bezeroa: 3ko Itunkide diren Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa; UEMA, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Data: 2019ko irailetik aurrera
- Webgunea: Arnasa Gara