Facebook, Instagram eta Whatsapp-en jabe den Meta multinazionalak Threads izeneko mikroblogintza sare sozial berria aurkeztu du. Oraingoz ez dute erabilgarri jarri Europar Batasunean, aplikazioak egiten duen datu-bilketa izugarriaren ondorioz europar pribatutasun legeekin bateraezina izateko arriskua handia delako. Threadsek etorkizunean sare sozial libre eta federatuekin bateragarri izateko asmoa adierazi izanak hautsak harrotu ditu. Metaren sare sozial berria blokeatzeko ituna sinatu dute euskal Fedibertsoko administratzaile gehienek, munduko beste ehunka komunitaterekin batera.
Duela aste batzuk, Meta multinazionala mikroblogintza sare sozial berri bat garatzen ari zela jakin zen. Eztabaida handia piztu zen Fedibertsoko sare sozial libre eta federatuekin bateragarria izango zela esan zutenean. Badira albistea ontzat hartu duten komunitateak, beste askok Metak zer jokabide duen ikusi arte itxarotearen alde egin du, baina ehunka komunitatek Threads prebentiboki blokeatzea erabaki dute, erraldoi teknologikoaren historial ilunagatik. Azken hauek Anti-Meta Fedi Pact ituna sinatu dute.
Bide horretatik jo dute euskal Fedibertsoko administratzaile gehienek. Threads aplikazioa, eta Metak Fedibertsoan sartzeko egiten duen beste edozein saiakera, blokeatzeko konpromisoa hartu dute Mastodon.eus-ek eta Abaraska taldeak sortutako sare sozial libreek (PeerTube.eus bideoentzat, Paperjale.eus liburuzaleentzat, Pixelfed.eus argazkientzat eta Lemmy.eus foroentzat), baita iametza eta ARGIAk kudeatutako zerbitzuek ere (musika eta podcastentzako baleafunk.eus instantzia irekia, bideoak.argia.eus eta peertube.euskarabildua.eus).
Mastodon.eus komunitateko administratzaileek adierazi dutenez “Metak monopolioa nahi du” eta “hori lortzeko modurik errazena egunen batean lehiakide bihur daitezkeen enpresak erostea da”, multinazionalak Whatsapp eta Instagram erosi izanari erreferentzia eginez. Hala ere, argi esan dute Metak ezin izango dituela sare deszentralizatuak erosi.
Mastodon.eus-eko arduradunek salatu dute Metak “gure pribatutasuna suntsitu nahi duela”. iOSerako Threads aplikazioak egiten duen datu bilketa masiboa jarri dute froga bezala. Honako datuak bildu ditzakeela adierazten du aplikazioak: osasuna, finantza egoera, kontaktuak, nabigazio historia, erosketak, kokapena, bilaketa historia, informazio sentikorra eta beste hainbat. Mastodonen aplikazio ofizialak aldiz ez du daturik biltzen.
Izan ere, azken bi urteetan Europar Batasuneko datuen babeserako erakundeek 2.500 milioi eurotik gorako isunak jarri dizkiote Metari, erabiltzaileen pribatutasuna behin eta berriz urratzeagatik. Hain zuzen ere, legezko arrazoiak aipatu dituzte Metako arduradunek Threads aplikazio berria Europan erabilgarri ez egotearen arrazoitzeko.
Meta erraldoi teknologikoaren Threads aplikazioa Fedibertsora sartzea gentrifikazioarekin konparatu du Todon.nl komunitateko joene kideak: “tokiko denda txikiak eta zentro komunitarioak dituen auzo polit batean multinazional baten merkataritza-zentro handi bat sartzen da, ‘hemen jartzen bagara, pertsona gehiago etorriko dira eta guztiok izango duzue etekina’ esanez. Urte batzuk igarotzean denda txiki guztiek porrot egin dute eta komunitatea suntsituta dago. Geratzen dena paisaia korporatibo antzua da”.