Nola desaktibatu Googlek Chromen txertatu duen jarraipena

ChromeFirefoxGoogleIragarkiakZelatatze masiboa

Urteak dira Firefoxek eta Safarik jarraipena egiteko erabiltzen diren hirugarrenen cookieak blokeatzen dituztela. Chromek ere gauza bera egingo du 2025ean, baina publizitatearen negozioan duten nagusitasuna handitzeko aprobetxatu nahi dute, jarraipena nabigatzailean bertan integratuz. Pribatutasunaren eta eskubide digitalen aldeko NOYB taldeak salatu du Googlek erabiltzaileak “engainatu” dituela jarraipena onartzera bultzatzeko.

Cookieak webguneek gure nabigatzailean gordetzen dituzten testu-fitxategi txikiak dira. Bi motatakoak daude: cookie propioak eta hirugarrenenak. Cookie propioak soilik irakur ditzake sortu dituen webguneak. Hirugarrenenak aldiz, ez dira izaten bisitatzen ari garen webgunearenak.

Cookie propioen ohiko erabileren artean daude, esaterako, webgune baten saioa hasita dugun ala ez kontrolatzea, edo denda batean saskian sartu ditugun produktuak gogoratzea. Cookie propioak jarraipena egiteko ere erabil daitezke, adibidez, halaxe egiten du Google Analytics-en bertsio berrienak, baina hirugarrenen cookieen kasuan hori da erabilera nagusia.

2020an Mozillaren Firefox eta Appleren Safari nabigatzaileak hirugarrenen cookieak blokeatzen hasi ziren, pribatutasuna babesteko helburuarekin. Konpetentziaren mugimendua ikusita, Googlek iragarri zuen Chromek bide bera hartuko zuela 2022tik aurrera. Hala ere, geroztik bi aldiz atzeratu dute epe hori, lehenik 2024ra eta ondoren 2025era.

Kontuan hartu behar da Googlek jarraipenean oinarritutako publizitatearen negozioaren zati handi bat duela. Horregatik hirugarrenen cookien datu-iturria itxi aurretik bilketa beste modu batean egiteko prestatzen aritu dira: 2023ko irailetik aurrera jarraipena Chromen bertan integratu dute, “Privacy sandbox” izenarekin. Bisitatutako webguneen arabera erabiltzailearen interesen profil bat sortzen du multinazionalaren nabigatzaileak, iragarleei saltzeko helburuarekin. Chromek nabigatzaileen artean erabateko nagusitasuna duenez, mugimendu honekin are gehiago handituko da multinazionalak iragarkien salmentan duen kontrola.

Max Schrems: “Googlek gezurra esan die erabiltzaileei”

Europako datuen babeserako legeak baldintza zehatzak ezartzen ditu datu-bilketarako: modu gardenean informazioa jaso ondoren erabiltzaileak libreki onartu behar du. Eskubide digitalen eta pribatutasunaren aldeko NOYB elkartearen ustez ez da horrelakorik gertatu Googleren “Privacy sandbox“-aren kasuan. Onarpenen proportzioa handitzeko helburuarekin diseinu engainagarriak erabili dituztela salatu dute.

“Aktibatu iragarkietarako pribatutasun-eginbide bat” izenburua agertu zaie azken urtean zehar Chromeren erabiltzaileei. Europar Batasunean “Ez, eskerrik asko” eta “Aktibatu” eskaini dituzte, datuen babeserako GDPR legearen eraginez, baina gainerako lekuetan uko egiteko ezarpenetara sartu behar izan dute.

Max Schrems, NOYBeko buruaren esanetan “Googlek gezurra esan die erabiltzaileei. Pribatutasun ezaugarri bat zela pentsatu du jendeak, baina Googleren jarraipena onartzeko engainatu dituzte”. Arrazoi horiengatik kexa aurkeztu du NOYBek Austriako datuen babeserako autoritatearen aurrean, eta Googleri “isun eraginkor, proportzionatu eta disuasiozkoa” ezartzeko eskatu du.

Nola desgaitu “Privacy sandbox” jarraipena Chromen

Aukerarik onena Google Chrome utzi eta software libreko Mozilla Firefox erabiltzea bada ere, dena delako arrazoiagatik multinazionalaren nabigatzailea erabiltzen duenak, “Privacy sandbox” delakoa desgaitu dezake. Horretarako hiru puntuen menuan “Ezarpenak” hautatu behar du eta “Pribatutasuna eta segurtasuna” atalean “Iragarkien pribatutasuna” aukeratu. Hiru aukerak desgaitu behar dira: “Iragarkien gaiak”, “Webguneek iradokitako iragarkiak” eta “Iragarkien neurketa”.