Texas Observer AEBetako irabazi asmorik gabeko hedabide aurrerakoi bat da, 1954an sortua. 2022ko udazkenean, Elon Muskek Twitter erosi zuenean, Mastodoneko zerbitzari propio bat (texasobserver.social) sortu zutelako egin ziren ezagunak sare sozial libre eta deszentralizatuen zaleen artean. Geroztik, arazo ekonomikoak direla-eta hedabidea ixtekotan egon da, baina azken egunetan crowfounding kanpaina arrakastatsu batean aurrera egiteko adina diru lortu dute, Fedibertsoaren laguntza nabarmenarekin.
TheFederation.info webgunearen arabera Fedibertsoa osatzen duten sare sozialek ia 12 milioi erabiltzaile dituzte, elkarren artean konektatutako 25.000 zerbitzaritan banatuta. Fediverse.party webgunearen arabera zortzi milioi dira. Edozein kasutan, sare efektua eta eragina izateko adinako kopurua da hori, albiste hau lekuko den bezala.
Erabiltzaile horien hiru laurden Mastodon komunitateetan biltzen dira. Euskal Herrian guztira lau mila lagun baino gehiagok osatutako bi instantzia ditugu, mastodon.jalgi.eus eta mastodon.eus. Baina Fedibertsoan Mastodonez gain badira proiektu gehiago eta euskal komunitateak ugaritzen ari dira:
- Peertube bideoentzat: Abaraska taldearen peertube.eus instantzia irekiaz gain, baita ARGIAren bideoak.argia.eus eta iametzaren peertube.euskarabildua.eus ere.
- Pixelfed argazkientzat: Abaraska taldeko Urtzi Odriozolak sortutako pixelfed.eus.
- Funkwhale musika eta podcastentzat: baleafunk.eus iametzaren eskutik.
- Lemmy foroentzat: Abaraskak kudeatutako lemmy.eus.
- Gancio agendentzat: Sindominioren euskaragendak.eus tokian tokiko euskarazko ekitaldiak biltzeko, agenda.eskoria.eus Euskal Herriko underground eszenaren egutegia, bilbi.info Bilboko Alde Zaharreko mugimendu sozial eta politikoen agenda.
- Bookwyrm liburuzaleentzat: duela gutxi Abaraskak denon eskura jarri duen paperjale.eus.
Texas Observer hedabideko zuzendari James Canup-ek The Guardian-i adierazi dionez, auzolaguntza kanpainan parte hartu duten askok aipatu dute Mastodoni eta Fedibertsoari esker izan zutela Texas Observerren berri. Hiru egunean 300.000 dolarretik gora bildu dituzte. Adineko irakurle eta harpidedun asko dituen hedabidearentzat itxaropen izpia da jaso duten babesa, Canup-en esanetan, eta belaunaldien arteko transmisioa Mastodonen bidez egin daitekeela azpimarratu du.
“LORTU DUGU! Texas Observerrek irekita jarraituko du!” esaldiarekin poza adierazi dute hedabidearen Mastodon instantzia propioko kontu ofizialean, #Fediverse (Fedibertsoa) eta #Mastodon traolak erabiliz: