Datu-bilketa masiboari eta pribatutasunaren urraketei buruz hitz egitean mugikorrak, ordenagailuak, telebista eta bozgorailu adimendunak… etortzen zaizkigu burura. Inor gutxik aipatuko ditu autoak. Hala ere, gaur egun sentsore, kamera eta mikrofonoz betetako gurpildun ordenagailuak dira, eta fabrikatzaileak datuen negozioan sartzen ari dira isil-isilik. Mozilla Fundazioak 25 ibilgailu-marka aztertu ditu pribatutasunaren ikuspegitik. Ondorioa argia da: amesgaiztoa dira, ikertu dituzten produktu-mota guztietatik okerrenak.
2017an hasi zen Mozilla Fundazioa Internetera konektatzen diren mota guztietako gailu eta aplikazioen pribatutasun-maila aztertzen: bozgorailu adimendunak, streaming erreproduzigailuak, bideo-joko kontsolak, tabletak, liburu elektronikoak, bideo-deiak egiteko aplikazioak, ligatzekoak, osasun mentalarekin edo hilekoarekin lotutakoak…
Azterketen emaitzak *Privacy Not Included gidan biltzen ditu Mozillak. Argitaratu berri duten ikerketan, azken belaunaldiko 25 ibilgailu-marka aztertu dituzte. Bat-berak ere ez ditu gutxien-gutxieneko pribatutasun baldintzak betetzen. Gidan dauden gailu eta aplikazio mota guztietatik emaitzarik kaskarrenak eman dituzte: “auto modernoak amesgaiztoa dira pribatutasun ikuspegitik”.
Tesla autoak nabarmendu dituzte ikerlariek. Aztertutako bost kategorietan eskas atera duten bakarrak izan dira, “fidagarria ez den adimen artifiziala” erabiltzea barne. Izan ere, Elon Musken ibilgailuen pilotu automatikoak 736 istripu eta 17 heriotza eragin ditu dagoeneko, eta AEBetako justiziarekin hainbat auzi ditu enpresak.
Ikerketa AEBetan oinarritua izanik, ez dira agertzen gurean ohikoak diren auto-ekoizle batzuk. Arrazoi horregatik, eta Europar Batasunean datuen babeserako legeak sendoagoak direlako, interesgarria litzateke azterketa errepikatu eta emaitzak alderatzea.
Aztertutako auto guztiek datu pertsonal gehiegi biltzen dituzte, eta ia denek partekatu edo saldu
Ikertutako auto-marka guztiek beharrezkoa dena baino askoz datu pertsonal gehiago jasotzen dituztela ondorioztatu du Mozillak: “Ziur aski ez dago zuri buruz informazio gehiago biltzen duen produkturik”. Gaur egungo autoek Interneteko konexioa dute, GPSa eta mota guztietako sentsore, kamera eta mikrofonoz josita daude. Horrez gain, gero eta zerbitzu gehiago dituzte integratuta: nabigazioa, telefono deiak, irratia, musika erreproduzigailua, web nabigatzailea eta bestelako aplikazioak… Mugikorra autora konektatu edo ekoizlearen aplikazioa instalatzen baduzu, are informazio gehiago eskuratu dezakete.
Horrek guztiak aukera ematen die fabrikatzaileei izugarrizko datu kantitatea pilatzeko, xehetasun maila harrigarri batekin: datu biometrikoak, estres eta neke maila, autoarekin ditugun interakzio guztiak, nora joaten garen, ze abiaduratan, ze musika, irrati edo podcast entzuten dugun, nori deitzen diogun eta zenbat denboraz hitz egiten dugun…
Inork irakurtzen ez dituen pribatutasun politikak aztertuta gauza beldurgarriak aurkitu dituzte Mozillako ikerlariek. Askotan hizkera oso orokorra erabiltzen dute enpresek horrelakoetan, edozein datu biltzeko aukerari ateak irekita uzteko: “sentsoreen datuak”, “datu demografikoak”, “irudiak” aipatzen dituzte adibidez. Baina beste batzuetan zehaztasun handiz azaltzen dute pribatutasun mailarik handieneko hainbat datu biltzen dituztela.
Adibide bezala, bigarren notarik txarrena atera duen Nissan nabarmendu dute Mozillakoek. Hitzez hitz diote biltzen dituzten datu ugarien artean daudela “migrazio-egoera, arraza, jatorria, sinesmen erlijioso edo filosofikoak, joera sexuala, aktibitate sexuala, geolokalizazio zehatza, osasun diagnostikoen datuak eta informazio genetikoa” bezalako gai guztiz sentikorrak. Ez dira informazio genetikoa biltzeko aukera aipatzen duten bakarrak, gehiago ere badira: KIA, Cadillac, GMC, Buick eta Chevrolet. Mozillako ikerlariek dioten bezala debekatuta egon beharko luke enpresek horrelako informazioa biltzeak.
Datu-bilketaz haratago, auto-marken %88ak onartzen dute jasotakoetatik abiatuta datu berriak ondorioztatzen dituztela. Nissan-en adibidearekin jarraituz, jasotako datu pertsonaletatik inferentziaz “kontsumitzailearen profila” sortu eta saldu dezaketela diote, besteren artean ezaugarri hauekin: joera psikologikoak, portaera, jarrera, inteligentzia, trebetasuna, gaitasunak…
Kezkagarria da hainbeste datu pertsonal sentikor enpresa baten esku egotea, baina okerragoa dena da aztertutako auto-marka guztien %84ak informazioa hirugarrengoekin partekatzen dutela, eta %76ak saldu ere bai.
Datuen lapurreta eta gobernuen espioitza masiboaren arriskua
Mozillak nabarmendu du lehen aldiz ikertutako produktu guztiek segurtasunaren atalean huts egin dutela. Auto ekoizleek segurtasun arazoen historia luzea dute. Kasu askotan, enpresen huts egite nabarmenek eragindako segurtasun zuloak erabili dituzte erasotzaileek. Adibidez, Toyotak 2,5 milioi erosleren datuak agerian eduki zituen hamar urtez, hodeiaren konfigurazio arazo bategatik. Datu sentikorrak eta segurtasun ahula konbinazio beldurgarria dela adierazi dute ikerlariek.
Mozillak kezkagarritzat jo du ekoizleen %56ak Poliziaren edo gobernuaren “eskaera” bati erantzunez datuak borondatez emango dituztela esatea. Adibidez, Hyundai-k “eskaera informal” bati ere kasu egingo liokeela dio bere pribatutasun politikan. Ikerlariek nabarmendu dute, gutxienez epaile baten aginduari erantzunez eman beharko lituzketela datuak, eta orduan ere beharrezko direnak soilik.
Nabarmendu dute Poliziaren eta gobernuen datu eskaerei errazegi amore emateak eragina izango duela dagoeneko gehiegizko presioa jasaten duten AEBetako komunitate beltz, indigena eta arrazializatuetan. Beste talde batzuei zuzendutako jazarpena egiteko arriskuaz ere ohartarazi dute: trans pertsonak, abortatu nahi duten emakumeak, migratzaileak…