EAEko irakasleen oposizioetako azterketak urriaren 21ean egingo dira BEC-en. Eztabaida eragin du bertara sartzeko Whatsapp bidez jasotako QR kodea erabili beharrak. Azkenean, akreditazioa webgune baten bidez eskuratzeko aukera ere emango Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.
Irailaren 28an ebazpen bat argitaratu zuen EAEko Hezkuntza Sailak, irakasleen oposizioen proba idatziak egiteko lekuak, datak eta beste hainbat xehetasun zehaztuz. Urriaren 21ean BEC-en egingo diren azterketetara sartzeko beharrezko akreditazioa lortzeko bide bakarra aipatzen da: Whatsapp bidez jasotzea. Komeni da gogoratzea Whatsappek 225 milioi euroko isuna jaso zuela 2021eko irailean, ez zegoelako argi ze datu pertsonal biltzen zituen, ezta Facebookekin ze informazio partekatzen zuen ere.
“Watxapa ez dugunok zer egin behar dugu?” galdetu zuen Aitor 2.0 irakasleak Hezkuntzan Librezale taldearen Matrix / Telegram txatean. Bere desadostasuna adieraziz Arartekoari gutuna idatzi eta Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzan azalpenak eskatzeko asmoa adierazi zuen. Beste kide batzuk Whatsapp erabiltzera behartzearen legezkotasuna zalantzan jarri zuten. Urriaren 4an, LAB sindikatuak espresuki beste bide batzuk jartzeko eskatu zuen irakasleen mahai sektorial batean.
Hezkuntza Sailak urriaren 11an argitaratutako jarraibideetan bigarren bide bat zehazten da: “Interneteko helbide bat gaituko da, eta bertan, inprimaki bat bete ondoren (NANa eta eskabide-zenbakia adierazita), akreditazioak deskargatu eta inprimatu ahal izango dira”.