Euskal liburuzaleentzat Abaraska taldeak sortutako sare soziala da Paperjale.eus. Abenduaren 1a bitartean liburu baten kritika bat egiten dutenen artean Durangoko Azokako 150 euroko produktu sorta zozketatuko dute.
Abaraska taldeak hiru helbururekin sortu zuen Paperjale sare soziala 2023ko martxoan: irakurzaletasuna sustatzea, literatura maite duten pertsonentzako gune segurua sortzea, eta euskal idazleentzako eta irakurleentzako Interneteko topagunea izatea. Irakurritako liburuak erregistratu daitezke bertan, baita puntuatu, kritikak eta iruzkinak egin, beste irakurleak jarraitu eta gomendioak jaso ere. Euskarazko literaturaren bizigarri izan nahi du Paperjalek, baina edozein hizkuntzatako liburuak aipatu daitezke. Hori bai, erabiltzaileek idatzitako kritikak, iruzkinak eta aipuak gutxienez euskaraz izan behar dira.
Durangoko Azokara begira zozketa antolatu dute Abaraska taldekoek. Parte hartzeko nahikoa da abenduaren 1a baino lehen liburu baten kritika egitea Paperjale.eus-en, #PaperjaleZozketa traola erabiliz. Irabazleak Durangoko Azokako produktuen 150 euroko sorta irabaziko du. Etxetik bertatik katalogoa ikusi eta gogoko dituen liburuen, diskoen… zerrenda osatzea besterik ez du egin beharko, eta postaz bidaliko dizkiote antolatzaileek.
Abaraska taldea: 2020tik Fedibertsoa, software librea eta euskara sustatzen
2020an sortu zuten Abaraska taldea hainbat pertsona librezalek. Taldearen helburua sare sozial libre eta federatuek osatutako Fedibertsoa, software librea, euskara eta euskal kultura sustatzea da. Lau sare sozial sortu dituzte: Peertube.eus bideoentzat, Pixelfed.eus argazkientzat, Paperjale.eus liburuentzat eta Lemmy.eus foroak. Euskal Fedibertsoaren berri emateko Fedibertsoa.eus webgunea ere abian jarri dute. Guztia publizitaterik eta datuen salmentarik gabe. Egiten duten lana babestu eta Internet burujabea eraikitzen lagundu nahi baduzu dohaintza egin diezaiekezu.
Abaraska taldeko Mikel Gartziak 2023ko Euskarabildua Jardunaldietan emandako hitzaldian oso argi azaldu zuen zer den Fedibertsoa: