2025 urteko egutegia argitaratuko du Abaraska taldeak, argazkiak partekatzeko Pixelfed.eus sare sozial euskaldun, libre eta federatua sustatzeko asmoarekin. Parte hartzeko nahikoa da azaroaren 15a baino lehen bertan argazkiak partekatzea #FediEgutegia2025 traola erabiliz.
2019an sortu zuen Pixelfed.eus Abaraska taldeko Urtzi Odriozola informatikariak, bere astrografia argazkiak Instagram aberasteko ez zituela erabili nahi erabaki zuenean. Geroztik 468 argazkizale euskaldun batu dira komunitatera eta 66.000 argazki baino gehiago sareratu dituzte.
Arau sinpleak ditu Pixelfed.eus komunitateak. Bat, ahal bezain beste euskara erabili, erabiltzaileak euskaraz bizitzen saiatzen baitira. Bi, debekatuak daude faxismoa, arrazismoa, sexismoa, xenofobia, homofobia eta transfobia sustatzen duten bidalketa edo iruzkinak. Hiru, ez dute onartzen inor iraindu edo jazartzea. Ondorioz, giroa atseginagoa da gorrotoz gero eta beteagoak dauden sare sozial korporatiboetan baino.
Argazkilaritza sare sozial libre eta federatua bultzatzeko 2025eko egutegia argitaratuko du Abaraskak. Parte hartzea erraza da:
- Aurrez konturik ez baduzu, Pixelfed.eus webgunean izena eman.
- Nahi dituzun argazki guztiak argitaratu, #FediEgutegia2025 traola erabiliz eta CC BY-SA lizentzia librea hautatuz.
- Azken eguna: azaroaren 15ean.
Zalantzarik izanez gero abaraska@sindominio.net helbide elektronikora idatzi daiteke. Durangoko Azokan egutegiak eskuragai egon daitezen saiatuko direla adierazi dute Abaraskako kideek, edo bestela postaz bidaltzeko aukera aztertuko dutela. Boluntario librezalez osatutako taldeak Fedibertsoko beste hiru sare sozial ere mantentzen ditu: Paperjale.eus liburuentzat, Peertube.eus bideoentzat eta Lemmy.eus foroak. Euskal Fedibertsoaren berri emateko Fedibertsoa.eus webgunea ere sortu dute.