Baionako Etxepare Lizeoak sare sozial libreak bultzatuko ditu helburu pedagogikoekin

EuskaraFedibertsoaMastodonPixelfedSare sozialak

Gero eta ohikoagoa da Mastodon edo Pixelfed bezalako sare sozial libre eta federatuetan kontuak izatea. Horretarako, euskaldun gehienek mastodon.jalgi.eus, mastodon.eus edo pixelfed.eus instantziak erabiltzen dituzte. Baionako Etxepare Lizeoak pauso bat harago eman du, ikasle eta irakasleentzat bere komunitate propioak sortuz: mastodon.librehki.eus eta pixelfed.librehki.eus.

Eder Etxebarria irakaslearen esanetan Etxepare Lizeoak helburu pedagogikoarekin sortu ditu Fedibertsoko bi komunitate berriak, Mastodon bat mikroblogintzarako eta Pixelfed bat argazkientzat. Hasteko, sare sozial alternatiboak ezagutu eta euskaraz erabiltzeko aukera eskaini nahi diete ikasleei. Horrez gain, plaza publiko horien erabileraz, antolaketaz eta kudeaketaz eztabaidatuko dute, “erabiltzaileen zaintza bermatuko duen sistema demokratikoa plantan eman” nahi baitute.

Bi komunitate horiek erabat burujabeak dira, eta haien arau propioak ezarri dituzte: Etxepare Lizeoko bigarren mailako ikasle eta irakasleek soilik sortu ahal izango dituzte kontuak, argitalpen guztiek euskaraz izan beharko dute, eta errespetuz eta gizalegez jokatzea eskatuko dute.

Hala ere, independenteak izateak ez du esan nahi mundutik aparte egongo direnik. Esaterako, euskal Fedibertsoko gainerako komunitateetako kideak jarraitu ahal izango dituzte eta haiekin mezuak trukatu. Arazorik izanez gero, eta beste instantzietako administratzaileek erantzuten ez badute, loturak etetea erabaki dezakete.

Lizeoko ikasleek #asteanbehin traola erabiliko dute klasean gustatu zaizkien gaiei buruz Mastodoneko hariak sortzeko. Horrez gain, dei egin diete Pixelfed komunitatean #Fediegutegia2025 traolarekin argazki libreak argitaratuz Abaraska taldearen 2025eko Fediegutegian parte hartzeko.

Fedibertsoan lehen pausoak emango dituzten ikasle eta irakasleei laguntzeko argitaratu duten aholkuen bilduma interesgarria da sare pribatiboak utzi eta libreetara salto egin nahi duen edonorentzat ere.