
Oarsoaldeko Euskara Batzordearen ekimen berriaren baitan, Aktibatuz! egitasmoaren marka sorkuntzan lan egin dugu. Oarsoaldeko udalek (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) eskualdeko kirol klubetan euskara sustatzeko, egitasmo berria jarri dute abian. Beraz, Aktibatuz! egitasmoa eskualdeko kirol klubetan euskararen erabilera handitzeko sortu da. Proiektuak kluben eguneroko jardunean hizkuntza-ohiturak aktibatu eta euskararen presentzia indartzea du helburu, prestakuntza, sentsibilizazioa eta planifikazioa uztartuz.
Horretarako, udalek EMUNen aholkularitzaren eskutik eskualdeko zorki kirol klubekin elkarlanean diagnostiko fasea jarri zuten abian, kirol arloan euskararen erabileraren egoera zein den ezagutzeko. Behin diagnostiko fasea amaitu eta emaitzak partekatuta, ekimen zehatzen inplementazio fasea jarriko da abian euskararen egoera hobetzeko helburuarekin.
Iametzan, proiektuaren marka-identitatea sortu dugu:
-
Izenaren sorkuntza: Aktibatuz! kontzeptua eta leloa
-
Nortasun bisuala: logotipoa eta irudi nagusia
-
Iruditegia: elementu grafikoak, ikonoak eta aplikazio bisualak
-
Markaren unibertsoa: kolore-paleta, estilo bisuala eta erabilera-jarraibideak.
Markak dinamismoa, mugimendua eta parte-hartzea islatzen ditu, kirolaren energia eta euskararen aktibazioa uztartuz. Helburua egitasmoari aurrera egiteko indarra eta ikusgarritasuna ematea izan da, klubetan eta komunitatean erraz identifikatzeko moduko irudi koherentearekin.
Sortutako markak proiektuaren aurkezpenetan, komunikazio euskarrietan eta kirol kluben barne zein kanpo harremanetan erabiltzeko oinarria eskaintzen du, Aktibatuz! egitasmoari nortasun bereizgarria eta bateratua emanez.

