Eskoletan Microsoft 365 erabiltzea debekatu du Alemaniako Baden-Württemberg estatuak

AlemaniaBaden-WürttembergBigBlueButtonhezkuntzaMicrosoftMoodle

EHUk ikasleak Microsoft Office 365 kontua edukitzera behartuko ditu datorren ikasturtean. Alderantzizko bidea hartuko du Alemaniako Baden-Württemberg estatuak eta eskoletan orain arte ohikoa zen Microsoft 365 erabiltzea debekatuko du. 2020-2021 artean proba pilotu bat egin zuten Microsoften produktuaren ezaugarri zalantzazkoenak desaktibatuz eta segurtasun neurri gehigarriak hartuz. Egin ahalak egin arren, ez zuten lortu datuen babeserako legeak betetzerik. Udazkenetik aurrera pribatutasuna errespetatzen duten Moodle edo BigBlueButton bezalako hezkuntzarako tresna libreak erabiliko dituzte.

Sttutgart hiriburu duen Alemaniako Baden-Württemberg estatu federaleko datuen babeserako eta informazio askatasunerako komisarioak (LfDI) hainbat kexu jaso zituen ikasle, guraso eta irakasleen aldetik, eskoletan Microsoft 365 erabiltzen zelako. 2020ko udazkenetik 2021eko udaberrira bitartean programa pilotu bat jarri zuen abian estatuko Hezkuntza Ministerioak, Microsofteko goi mailako ordezkarien parte hartzearekin. Datuen babeserako legeekin ahalik eta bateragarriena izateko Microsoft 365en konfigurazio mugatu bat hautatu zuten eta telemetria edo diagnostikorako datuak bezalako ezaugarri zalantzazkoenak murriztu zituzten (ez zuten lortu erabat desaktibatzerik). Gainera, segurtasun neurri gehigarriak inplementatu zituzten eta kontuak irakasleei bakarrik eman zizkieten, ez ikasleei.

2021eko apirilean, LfDI-k pilotuaren ondorioen berri eman zion Hezkuntza Ministerioari: Microsoft 365 estandarrarekin alderatuz hainbat hobekuntza zituen bertsio bat erabili arren, ez zuten lortu datuen babeserako legeak betetzerik. Hainbat urraketa atzeman zituzten:

  • Microsoftek erabiltzaileen ekintza guztiak monitorizatzen ditu xehetasun osoz eta posta elektronikoak analizatu. Eskolek legezko betebehar zorrotzagoak dituzte Microsoften produktuak erabiltzen dituzten enpresek baino. Ez dago legezko oinarririk Microsoftek negoziorako helburuarekin hezkuntzako datuak prozesatzea justifikatzeko.
  • Microsoften ordezkariekin zuzenean eztabaidatuz ahalegin handiak egin arren, LfDI-k ez zuen lortu multinazionalak prozesatzen dituen datu pertsonalei buruzko azalpen osorik.
  • Microsoften 500 zerbitzari baino gehiagotara datuak transmititzen direla ikusi zuten pilotuan. Transferentzia horien helburuak partzialki bakarrik daude dokumentatuta.
  • Ez zuten lortu telemetria eta diagnostikorako datuak bezalako ezaugarri zalantzazkoenak guztiz desaktibatzerik, soilik murriztea.
  • Ezin izan zuten eragotzi Ameriketako Estatu Batuetara datuak transferitzea. Honek arrisku handia dauka eta Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren Schrems II epaiaren aurka doa.
  • Pilotuan irakasleek bakarrik hartu zuten parte. Ikasle adingabeen kasuan urraketa hauek are larriagoak izango lirateke.

Ondorioz, eskolek Microsoft 365 erabiltzeari utzi eta pribatutasuna errespetatzen duten hezkuntzarako tresna digitalak erabiltzen hastea aholkatu zuen LfDi-k, adibidez, Moodle edo BigBlueButton. Tresna hauek estatuko Hezkuntza Ministerioak eskaintzen dizkie eskolei, kostu gehigarririk gabe.

2021ean, pandemiak eragindako egoera bereziaren eraginez, aholku hutsean geratu zen, baina aurten eskolek datuen babeserako legea errespetatzen duten tresnetarako aldaketa gauzatu beharko dute. LfDI-k eskolak bisitatu eta aldaketarako aholkularitza zerbitzua eskainiko du. Eskolaren batek Microsoft 365 erabiltzen jarraitu nahiko balu, datuen babeserako legea betetzen duela justifikatu beharko luke. Pilotuaren ondorioak ikusita ez dute erraza izango.