Webguneetako trafikoa aztertzeko erabiltzen den Google Analytics tresnak Europako GDPR legea urratzen duela erabaki du Italiako datuen babeserako erakundeak (Garante per la protezione dei dati personali), erabiltzaileen datu pertsonalak Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) bidaltzen dituelako. Webgune baten arduradunei 90 eguneko epea eman diete datuen babeserako legeak betetzeko neurriak hartzeko, bestela Google Analytics erabiltzea galaraziko diete. Aurretik Austria eta Frantziak ere antzerako epaiak eman dituzte.
Google Analytics-ek erabiltzaileen datu multzo oso zabala biltzen duela ikusi dute: IP helbidea, nabigatzailea, sistema eragilea, pantailaren bereizmena, hizkuntza, webgunean bisitatutako orriak… Multinazionalaren tresnak datu horiek AEBetara bidaltzen dituela egiaztatu dute. Herrialde horrek datuen babeserako neurri nahikorik ez daukala azpimarratu dute eta bertako gobernu eta inteligentzia zerbitzuek datu pertsonaletara sarbidea izan dezaketela.
Garantearen agindua momentuz webgune bati zuzendua dago, baina jarraian gehiago etorriko direla iragarri dute, eta Italiako webguneen arduradun guztiei, publikoak zein pribatuak, jakinarazi diete Google Analytics erabiltzearen ondorioz datuak AEBetara transferitzea legez kanpokoa dela.
Aurreko artikulu batean azaldu genuen bezala, Google Analytics utzi eta Matomo bezalako software libreko tresnak erabiltzen hastea da bidea webguneetako trafikoa erabiltzaileen pribatutasuna eta datuen babeserako legeak betez aztertzeko.