Lapurdiko hezkuntzan teknologia burujabetzarako bidean urratsak

Donibane LohizuneElkartenethezkuntzaLapurdiSeaskaTeknologia burujabetzaTxikilinux

2022 urte hasiera honetan Lapurdiko hezkuntzan teknologia burujabetzara bidean emandako bi urrats itxaropentsuren berri izan dugu. Alde batetik, Donibane Lohizuneko ikastola TxikiLinux erabiltzen hasi da: 6-12 urte arteko ikasleentzat pentsatutako sistema eragile libre eta euskalduna. Maiatzaren 8an, TxikiLinuxek bere stand propioa izango du Herri Urratsen. Bestetik, Baionako Etxepare Lizeoko 140 ordenagailuak sarean Debian sistema eragile librearekin dabiltzala jakin dugu.

Donibane Lohizuneko ikastola da TxikiLinux erabiltzen duen Ipar Euskal Herriko lehen ikastetxea

Donibane Lohizuneko ikastolan TxikiLinux sistema eragile libre eta euskalduna erabiltzen hasteko proposamena Eder Etxebarria Rojok egin zuen (ikastolako guraso eta Baionako Bernat Etxepare lizeoko irakaslea) eta Unai Villakorta zuzendariak berehala baietz esan zion. Villakortak Ipar Euskal Herriko Hitzari eginiko adierazpenetan honela arrazoitu zuen erabakia: «Euskal Herriak herritik eta herriarentzat eginiko hezkuntza eredu propioa behar duen bezala, beste esparruetan ere behar ditu bere tresnak asmatu. Azkenean, Txikilinux hori da informatika ereduan». Lurraldetasunaren ikuspegitik Bilbon sortutako zerbait Lapurdira ekartzearen garrantzia ere azpimarratu zuen Iparraldearen Orenan egindako erreportajean.

Izan ere, Txikilinux 6-12 urte arteko ikasleentzat pentsatutako sistema eragile libre eta euskaldunaren sorlekua Bilboko Miribilla auzoko Harrobia ikastola da. 2019an software librearen erabilera eta ekipamendu informatikoen berrerabilera bultzatzeko Elkartenet elkartea sortu zuten eta hortik jaio zen TxikiLinux. Linux Mint sistema eragile librean oinarritua dago eta hezkuntzarako hainbat tresna dauzka instalatuta, adibidez, historia, arteak, fisika-kimika, hizkuntzak… lantzeko 70 aplikazio inguru biltzen dituen GCompris software-multzoa, KGeography geografia ikasteko, TuxMath matematikarekin jolasteko, OpenBoard arbel digitala,  LibreOffice bulegotika-suite askea, GIMP irudien ediziorako, Kdenlive bideoentzat…

© Iparraldeko Hitza

Donibane Lohizuneko irakasleen oharrak eta eskakizunak kontuan hartuz Txikilinux Xilaba (Xiberoa – Lapurdi – Baxe Nafarroa) bertsioa sortu dute Elkartenetekoek. Bertsio honen irudia eta izena Baionako Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek sortu dituzte. Ikastolak 104 ikasle ditu eta egun dauden 25 ordenagailutan instalatu dute TxikiLinux Xilaba.

Eder Etxebarriak Ipar Euskal Herriko Hitzari azaldu zionez, azken urteetan Linux askoz errazagoa bilakatu da: «Edonork ikas dezake Linux baliatzen». Bere inguruko hamabost bat lagun jarri zien Linux ordenagailuan, «adin eta ezagutza maila» desberdinekoak, eta horietatik inork ez zion eskatu Windows edo Mac-era itzultzea. Ikastolek rol eraginkorra izan dezaketela uste du euskal herritarrak informatika mailan burujabeago bilakatzeko: «Zer erakusten diegu gure haurrei? Zein da ordenagailu baten aurrean jartzen direnean ikasten duten programa? Windows edo Google erabiltzen dute, ala Euskal Herrian sortu den zerbait?»

Otsailaren 18an ikastolan ospatu zuten TxikiLinux Egunean tresna ezagutzeko aukera izan zuten irakasle, ikasle eta gurasoek. Martxoak 5ean egin zuten ate irekien egunean, haurtzaindegia uztear dauden haurren gurasoei, ikastola erakusteaz gain, sistema eragile libre eta euskalduna deskubritzeko aukera eman zieten. Hemen ikus dezakezue ETB1eko Iparraldearen Orena saioan egin zuten erreportajea:

Eder Etxeberriaren esanetan hurrengo pausoa Seaskari eskaintzea izango da: «Donibaneko ikastolatik abiatu gara. Erakutsiko dugu benetan posible dela TxikiLinuxekin funtzionatzea. Hilabete bat eta erdi pasatuko denean joango gara Seaskako bulegora proiektua aurkeztera», «edozein ikastolatan funtziona» dezakeelako. «Helburua da Seaskako haur guziek software librea eta euskalduna baliatzea». Googleren menpekotasunetik ateratzeko bidea ikusten dio gainera TxikiLinuxi: «Googlek duena da datifikazioa, eta egiten dugun guziaren atzean espioitza egiten duela datu horiek saltzeko»

Herri Urratsen stand propioa izango du TxikiLinuxek

Maiatzaren 8an, TxikiLinuxek bere stand propioa izango du Herri Urratsen. Elkarteneteko bi kide eta Donibane Lohizuneko guraso bat izango dira bertan, hiru ordenagailu eta pantaila handi batekin haur eta gurasoei sistema eragilea aurkezten. Interesa duen oro bertaratzeko gonbita egin dute.

Baionako Etxepare Lizeoan berreskuratutako ordenagailuak Debian sistema eragile librearekin sarean

Fedibertsoaren zati den Mastondon.eus sare sozialean irakurri genuenez Baionako Etxepare Lizeoan Elkartenetek berreskuratutako 34 ordenagailu jaso zituzten eta denak Debian zerbitzarian ibiliko dira:

Urterik urte Lizeoko ikasle kopurua handitzen doanez, ordenagailu horiek informatika gelak, ikasketa gelak, dokumentazio zentroa eta barnetegia hobeto hornitzera bideratuko dituzte. Lizeoko 140 ordenagailuak Debian 11 Bullseye sistema eragile librearekin dabiltza sarean.

Geroztik, Hezkuntzan Librezale taldearen Matrix/Telegram txatean Eder Etxeberriak jakinarazi zuen Baionako Estitxu Robles eta Kanboko Xalbador kolegioek ere Debian erabiltzen dutela:

Hodeia ez da existitzen podcastaren hurrengo saioan elkarrizketa bat egin eta gaian sakontzen saiatuko gara.