Paperjale.eus jaio da: euskal liburuzaleen sare soziala

BookWyrmFedibertsoaPaperjaleSare sozialakSoftware libreaTeknologia burujabetza

Euskal idazle eta irakurleentzat sortutako sare sozial libre berria da Paperjale.eus. Irakurritako liburuak erregistratzeko aukera ematen du, puntuatu, kritikak eta iruzkinak egin… Abaraskak sortu du, software librea, euskara eta Fedibertsoa sustatzen dituen taldeak. Ez da martxan jartzen duten lehen sare sozial libre eta irekia. Aurrez PeerTube.eus  sortu zuten bideoentzat, Pixelfed.eus argazkientzat eta Lemmy.eus foroentzat. Denak euskaraz, irekiak, software librearekin eginak eta Fedibertsoaren parte direnak.

Paperjale plataformak erabiltzaileei aukera ematen die liburutegi pertsonala online sortu eta mantentzeko, irakurketak erregistratzeko, liburuak puntuatu eta iruzkintzeko, beste erabiltzaile batzuk jarraitzeko eta liburuen gomendioak jasotzeko. Baita liburuei eta literaturari lotutako gaiei buruzko eztabaidetan parte hartzeko ere.

Liburuzale euskaldunen sare sozial berri honen izena Abaraska taldeak Mastodon sare sozialean abian jarri zuen prozesu parte-hartzaile baten bitartez hautatu du. Paperjale.eus-ek ez du inolako helburu komertzialik eta musu-truk erabili daiteke. Edonola ere, proiektua diruz edo beste modu batera laguntzeko aukera eskaintzen zaie hala nahi dutenei.

Abaraska taldekoen esanetan Paperjalek hiru helburu ditu: irakurzaletasuna sustatzea, literatura maite duten pertsonentzako gune segurua sortzea, eta euskal idazleentzako eta irakurleentzako Interneteko topagunea izatea. Euskarazko literaturaren bizigarri izan nahi du Paperjalek, baina edozein hizkuntzatako liburuak aipatu daitezke bertan. Hori bai, erabiltzaileek idatzitako kritikak, iruzkinak eta aipuak gutxienez euskaraz izan behar dira eta, hala nahi duenak, beste hizkuntza batzuk ere erabil ditzake.

Paperjalek BookWyrm izeneko software librea darabil. BookWyrm Fedibertsioaren parte den irakurketa sozialerako plataforma da. Goodreads-en (Amazonen jabetzako plataforma zentralizatuaren) alternatiba libre eta deszentralizatua dela esan daiteke. Fedibertsoa gaur egun Interneten nagusi diren plataforma komertzial, zentralizatu eta pribatiboen alternatiba librea da, aniztasun eta deszentralizazio handiagoa eskaintzen duena.