Aurreko astean, martxoak 21ean, Behategiak Euskal Hedabideen 2021eko urtekaria aurkeztu zuen. Txostenaren PDFan hainbat gai interesgarri daude irakurgai, baina teknologia burujabetza eta pribatutasunaren defentsan ARGIAk emandako pauso aitzindarian sakondu nahi dut artikulu honetan: 2021ean ARGIAk nonahi erabiltzen den Google Analytics tresnari uko egin eta Matomo erabiltzen hasi izanari alegia.
Multinazional teknologikoak eta datu pertsonalen negozioa
Webgune gehienetan Troiako zaldiak daude. Multinazional teknologiko handiek (Google, Facebook…) greziarrek troiarrak bezala engainatu gaituzte eta guk geuk sartu ditugu etsaiak etxera.
Webguneen jabe eta garatzaileoi funtzionalitate oso interesgarriak oparitu dizkigute: irakurleek gure edukiak sare sozialetan partekatzea errazten duten botoiak, Google Analytics bezala bisiten trafikoa aztertzeko tresna oso ahaltsuak… Baina tresna horiek gure webguneetan sartu ondoren, birusek bezala, beren onerako erabiltzen dituzte gure azpiegiturak.
Interneteko paisaiaren parte bihurtu diren sare sozialen botoi ofizialek (Twitter, Facebook…) sarean zehar egiten dugun nabigazioaren berri ematen diete beren nagusiei, sakatzen ez baditugu ere. Jende gehienak ez badaki ere, webgune gehienetan dagoen trafikoaren azterketarako Google Analytics tresnak ere ezkutuan gure datuak biltzen ditu. Konturatzen ez bagara ere, etengabe zelatatzen gaituzte sarean.
Datuak dira XXI. mendeko petrolioa, eta horixe da, hain zuzen ere, infiltratu teknologiko horiek bilatzen dutena. Izugarri jakin daiteke pertsona bati buruz soilik Interneten bisitatzen dituen webguneen historiala ikusita: ideia politikoak, joera sexuala, interesak eta erosketak, osasun egoera fisiko eta emozionala… Horietako asko pertsonen esfera pribatuari dagozkio. Adibidez, zer da jende askok ez-ohiko sintoma bat duenean egiten duen lehen gauza? Bai, Googlen bilatzea. Gure gertuko pertsonek baino lehenago jakiten du Googlek gure ondoezen berri. Datu horietan guztietan oinarrituta gure profil pertsonalak eraikitzen dituzte multinazionalek. Helburuetako bat guri egokitutako iragarkiak saltzea da, baita gure momenturik baxuenak gupidarik gabe aprobetxatuz ere, Facebookek nerabe zaurgarriei zuzendutako iragarkiak eskaini zituenean ikusi zen bezala. Horretaz gain, ez da gutxietsi behar profil pertsonal horiek politikoki eragiteko erabiltzeko aukera. Cambridge Analytica eskandaluan Facebookeko datuak erabili zituzten Donald Trump AEBetako presidentetzara iristen laguntzeko edo Brexit-aren erreferendumaren emaitzetan eragiteko.
Google Analytics, pribatutasuna eta Europako Datuen Babeserako legea
Esan bezala, webgune gehienetan dagoen Google Analytics tresnari esker orririk bisitatuenak zein diren jakin dezakegu, jendea bilatzaile edo sare sozialetatik datorren… Baina guri informazio hori emateaz gain, Troiako zaldi horrek Googleren Estatu Batuetako zerbitzarietara bidaltzen du webgunera sartzen diren pertsonek zer irakurtzen duten, zenbat denbora pasatzen duten orri bakoitzean, non egiten duten klik…, multinazional teknologikoak gutako bakoitzari buruz dituen profil pertsonalak gizenduz. Horregatik da doako zerbitzua, gu, gure datuak, garelako salgaia.
Duela urte batzuk Max Schrems abokatu eta pribatutasunaren aldeko aktibistak NOYB izeneko eskubide digitalen aldeko taldea sortu zuen. Izenaren jatorrian ingelesezko My privacy is Non Of Your Bussiness esaldia dago eta “Nire pribatutasuna ez da zure kontua/negozioa” hitz jokoan du oinarria. Pribatutasunaren defentsarako talde honek salaketa kanpaina bat jarri zuen martxan, Google Analytics erabiltzeak datuen babeserako Europar Batasuneko legea (GDPR) urratzen duela argudiatuz, europarren datuak AEBetara bidaltzen direlako.
Arrazoi horregatik 2020an NOYBek 101 salaketa jarri zituen Europako 30 estatutan Google Analytics eta Facebook Connect tresnak erabiltzen dituzten webguneen aurka. 2022ko urtarrilean Austriako datuen babeserako autoritateak (DSB) arrazoia eman zion taldeari eta Google Analytics erabiltzea GDPRaren aurkakoa dela ebatzi zuen. Otsailean Frantziako datuen babeserako autoritateak (CNIL) bide beretik doan erabakia hartu zuen eta Google Analytics erabiltzen duen Frantziako webgune bati GDPR legea betetzeko agindu zion. Google Analytics erabiltzea erabiltzaileen pribatutasunaren urraketa argia zela garbi zegoen. Epai hauen ondoren legez kanpokoa ere izan daitekeela ikusten ari da.
Martxoaren hasieran Europako Komisioko burua den Ursula von der Leyen eta AEBetako Joe Biden presidenteak berriz ere Europatik Estatu Batuetara datuak bidaltzea legeztatuko duen akordioa iragarri zuten. Hala ere, oraindik ez dago testu legalik. Azken 10 urteetan Europako Justizia Gorteak atzera bota ditu antzeko bi akordio. Epaiei emandako izenak ikusita, Schrems I eta Schrems II, nabaria da bi kasuetan auzibideek izan zuten abiapuntua: NOYB taldeko Max Schrems abokatu eta aktibistak jarritako helegiteak. Istorioak jarraipena izango duela dirudi.
EGUNERAKETA (2022-04-06): Artikulu hau argitaratu genuenetik Frantziako CNIL datuen babeserako autoritateak Google Analytics erabiltzen duten beste bi webgunek GDPR legea ez dutela betetzen erabaki du.. Esteka hauetan daude bigarren eta hirugarren epaiak.
Matomo: aztertu zure webguneko trafikoa pribatutasuna errespetatuz
Zorionez, software libre eta teknologia burujabetzaren bidetik gauzak beste modu batean egin daitezke. Matomo izeneko software librearekin gure webguneko trafikoa aztertu dezakegu, erabiltzaileen pribatutasuna errespetatuz. Matomorekin datuak ez ditu enpresa handi batek zentralizatzen. Matomo instalatzea eta mantentzea norberak edo konfiantzazko enpresa batek egiten duenez, ez dago datuen monopoliorik eta ustiatze masiborik. Modu honetan, datuak webguneko trafikoa aztertzeko bakarrik erabiltzen dira, ez zelatatze kapitalismoa elikatzeko.
Matomok baditu beste abantaila batzuk ere:
-
- Datuak beti %100ean benetakoak dira. Google Analytics-ek saio kopuru batetik gora laginketan oinarritutako estimazioak ematen ditu, ez datu zehatzak. Trafiko handiko webgune baten datu zehatzak nahi izanez gero, Google Analytics-en ordainpeko bertsioa erabili behar da eta oso garestia da (150.000 $ urtean).
Denbora batez ARGIA.eus-en Google Analytics eta Matomo, biak, eduki genituen martxan eta datuak ez zetozela bat ikusi genuen. Gaur egun ez da horrela, baina aipagarria da euskarazko Interneteko hedabideentzako diru laguntzak Google Analytics-eko datuetan oinarrituta eman direla hainbat urtez.
- Ez dauka mugarik. Google Analytics erabiltzean muga batzuk daude eta hortik gora ordainpeko bertsiora pasa behar da. Lehen aipatu bezala, oso garestia da hori. Honek, momentuz behintzat, ez die eragiten webgune txikiei, baina etorkizunean Googlek muga horiek jaistea edo ordainpeko zerbitzu bihurtzea erabakiko balu salduta geratu daitezke.
- Google Analytics-eko datuak modu automatizatuan inportatu daitezke Matomora. Horrela zure kontrolpean eduki ditzakezu zure webgunearen datu historikoak ere. Nola egin azaltzen duen gida bat dago. Ezagutza teknikoak izanez gero norberak egin dezake, bestela beti dago aukera gertuko enpresa bati laguntza eskatzeko.
Hori bai, ARGIAren migrazioa egitean ikusi genuen bezala, pazientzia eduki beharra dago, Googlek egunero esportatu dezakegun datu kopurua mugatzen baitu. Ondorioz, urte askotako datuak baldin baditugu, dexente luzatu daiteke prozesua. Horrelakoekin argi geratzen da nor den benetan datu horien jabea. - Norbere beharretara egokitu daiteke. Matomo software librea da eta plugin sistema bat dauka ezaugarri gehigarriak gehitzeko. Behar izanez gero neurrira egindako pluginak garatu daitezke.
Matomo erabiltzen hasi nahi dut. Zer egin dezaket?
Edonork sortu dezake Matomo instalazio bat eta instalazio bakoitzean webgune bat baina gehiagoren datuak bildu daitezke. Horretarako hiru aukera nagusi daude:
- Zure webgunea WordPress-en oinarrituta badago, ez duzu ezagutza teknikorik behar Matomo instalatzeko. Matomoren helburua datu-burujabetza eta pribatutasuna direnez instalazio prozesua errazteko lanean ari dira, webgune bat edukitzeak ez baitu esan nahi informatikaria zarenik. Matomo erabiltzen hasteko nahikoa da WordPress-erako plugin hau gehitzea.
- Instalazioa norberak egitea. Matomo nola instalatu eta optimizatu azaltzen duen gida bat dago. Nahi izanez gero Matomoren Docker irudi ofiziala erabili dezakezu.
- Instalazioa konfiantzazko enpresa edo norbanako batek egitea. Interesa baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan komertziala@iametza.eus posta kontuaren bidez, zalantza guztiak argituko dizkizugu.
- Datuak beti %100ean benetakoak dira. Google Analytics-ek saio kopuru batetik gora laginketan oinarritutako estimazioak ematen ditu, ez datu zehatzak. Trafiko handiko webgune baten datu zehatzak nahi izanez gero, Google Analytics-en ordainpeko bertsioa erabili behar da eta oso garestia da (150.000 $ urtean).
Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.