IKTak eta hezkuntza. Hizkuntzarekin eta teknologia berriekin zerikusia duen eta oso pil-pilean dagoen beste gai honi helduko diogu aurtengo edizioan. Beste modu batera esanda, irakaskuntza prozesu eta metodologietan IKTek dakartzaten abantailak baina era berean erronkak mahai gaineratu nahi ditugu, azpimarra berezia jarriz hizkuntzen irakaskuntzan eta bereziki euskara ikasteko prozesuetan. Aurten gainera, berrikuntza nabarmen bat izango dugu: arratsaldean talde-dinamika saioak antolatuko ditugu, goizean ikusitako horren inguruan hausnarketa egiteko.
Teknologia Berriek beste hainbat esparrutan bezala, eragin nabarmena izan dute baita ere hezkuntzan. Hala ere, sarritan gailu teknologikoen ikusgarritasun hutsaren ikuspuntutik begiratu ohi dugu eszenategia, gure haur, gazte eta helduak makinen morroi bihurtuz. Gure ustez irakaskuntza prozesuak hori baino gehiago izan behar dute, metodologiari eta moduei buruz ere hitz egin behar da. Azken finean IKTak hezkuntzaren mesedetan eta menpeko erabili behar dira eta ez alderantziz.
Bertan eragile desberdinek hartuko dute parte: Euskal instituzioetako jendea, hezkuntza eta IKTekin harremana dutenak, euskaltegiak, hizkuntz eskolak, eskoletako ordezkariak, udaletako ordezkariak, IKT enpresak edo zentro teknologikoak…