Informazioaz inguratuak bizi garen aro honetan, gero eta garrantzia handiagoa dauka mezuaren aukeraketak, emateko moduak, kanalak… Baina informazio anabasa horretan boterearen hegemonia aldatu da, jada ez dira hedabide handiak esklusiboki agenda markatzen dutenak edo filtro lana egiten dutenak.

Testuinguru horretan hedabide handien komunikazioaz haratago, gizarte mugimendu alternatiboen mezuak inoiz baino ozenago eta indartsuago hedatzen dira, emozioetara iritsiz, masa mugimendu handiak eraginez…

Egun kolektiboki bideratutako edozein ekintza ikusgarritasuna izateko zabalkundea behar duten euskarrien, mezuen, teknologien eta ereduen laborategi bilakatzen da.

Teknologiak eta hizkuntzaren tratamendu egokiak ere berebiziko faktoreak dira komunikazio eraginkorra burutu nahi bada.

Euskarabildua jardunaldien bidez, komunikazio eraginkor horren gakoak zeintzuk diren aztertzen saiatuko gara, kanpoko eta bertako esperientziak lehen eskutik ezagutuz eta elkarren artean, beti bezala, ezagutza partekatuz.