Pasa den urriaren 27an, Euskarabildua jardunaldia ospatu genuen. “Utopia existitzen da, Teknologia burujabea herritik eta herrira” izenburupean, aurtengo jardunaldiak menpekotasun teknologikoa murrizteko tokiko eragileen arteko saretzearen indarra balioan jarri nahi zuen.

Aurtengo Euskarabilduak pandemiak galarazitako harreman pertsonalak berreskuratu nahi zituen. Horregatik, jardunaldiaren amaieran dinamika bat antolatu genuen. Hala ere, beti bezala, jardunaldia streaming bidez jarraitzeko aukera egon zen eta  hitzaldiak webgune honetan eskuragarri dituzue.

Jardunaldia Elisabeth Pombo Iametzako kudeatzailearen aurkezpenarekin hasi zen: ‘Tokikotasunaren indarra utopia errealitate bilakatzeko’.

“Ezinezkoa dirudien bide hori egiteak ere nahikoa balioa du. Euskal Herri digital eta burujabea lortzea posible dela erakusten duten ereduak baditugu. Honek teknologia burujabetzaren bidean ere urratsak egitea posible dela erakusten digu”.