Hondakin Elektronikoen Ekoizleen Erantzukizuneko Erakundeen Nazioarteko Elkartearen (WEEE Forum) arabera 2022an 5.300 milioi mugikor erabiltzeari utziko diogu. Gailu horiek, elkarren gainean jarrita, 50.000 kilometroko altuera hartuko lukete. Lau Lur planetek halako luzera da hori. WEEE-k eta albistearen berri eman duten hedabide gehienek herritarren gain jarri dute ardura, nabarmenduz gutxi birziklatzen dela eta gailuen ehuneko handi batek zabortegietan edo etxeetako kaxoietan amaituko dutela. Hala ere, benetan eraginkorra litzatekeena hondakin gutxiago sortzea da. Horretarako bideak: fabrikatzaileek gailuak irauteko sortzea eta konpontzeko erraztasunak ematea.
Une honetan, munduan 16.000 milioi mugikor daude WEEE-ren arabera. Herrialdeen arteko diferentziak handiak badira ere, batez beste bi gailu egokitzen dira pertsonako. Horien heren bat, 5.300 milioi tramankulu, hondakin elektroniko bihurtuko dira aurten. Telefono bakoitzak 9 milimetroko lodiera duela suposatuz, elkarren gainean jarriko bagenitu, 50.000 kilometroko altuerako dorrea osatuko lukete. Lurraren diametroa halako lau da hori, hau da, lau Lur planetak elkarren ondoan jarrita edukiko luketen luzera. Edo konparazio arruntago bat erabiliz, 500.000 futbol zelairen luzera adina.
Europako Ingurumen Bulegoaren 2019ko txosten baten arabera, beroketa globalean duten eragina kontuan hartuz, mugikorrek gutxien-gutxienez 25 urte iraun beharko lukete, eta hobe askoz gehiago balitz. Gaur egun, batez beste hiru urtetik behin mugikorrez aldatzen dugula kontuan hartuta, lekutan gaude helburu horretatik.
Mugikor batek bere bizitza ziklo osoan duen energia kontsumoaren %28a dagokio eguneroko birkargei. Erabilera faseko kontsumoa da hori. Zatirik handiena, %72a, gailua produzitzeari, garraiatzeari eta hondakinen kudeaketari dagokio, ez-erabilera faseari alegia. Aipatutako txostenaren arabera, Europar Batasunean mugikorren bizitza urte bete luzatuko bagenu, 2,1 milioi tona CO2 aurreztuko genituzke 2030 arte. Errepideetatik milioi bat auto ateratzearen parekoa da hori: Tuteratik Moskurainoko auto-ilara. Atera kontuak ze eragin izango lukeen mugikorren bizitza gutxienez 25 urte arte luzatzeak.
Horretaz gain, kontuan izan behar da, gailu elektronikoen produkziorako beharrezkoak diren material baliotsuen erauzketa lotuta dagoela gatazka, gehiegikeria eta giza eskubideen urraketekin. Energia, baliabide eta giza sufrimendu aldetik duten kostu kontuan hartuz, argi dago mugikorrek, eta gailu elektronikoek orokorrean, askoz gehiago iraun beharko luketela, baina ematen al dute fabrikatzaileek horretarako biderik?
Errealitatean, zoritxarrez, zaharkitze programatua da nagusi. Ekoizleek artifizialki eta etekin ekonomikoak handitzeko helburuarekin produktuen bizitza mozten dute. Izaro Basurko Pérez de Arenazak Zientzia Kaieran zaharkitze programatuari buruz idatzitako artikuluan oso ondo azaltzen ditu horretarako erabiltzen dituzten estrategiak:
- Atzeratutako zaharkitzea: Enpresak produktu hobea ekoizteko gai izanda ere kalitate baxuagokoa saltzen digute. Horrela produktua bi aldiz saldu dezakete, lehen produktua segituan zahar bihurtzen delako.
- Zaharkitze sistemikoa: Funtzio berriak edo aldaketak eginez sistema eguneratu edo aldatzera behartzen gaituzte. Adibidez, Android gailuek gehienez ere hiru-lau urtez bakarrik jasotzen dituzte sistema eragilearen eguneraketak. Hortik aurrera, erabilgarria den gailu bat izanda ere software aldetik zaharkitua geratzen da.
- Zaharkitze teknikoa: Gailuaren zati fisikoa nahita urte gutxi irauteko sortzen dute.
- Zaharkitze psikologikoa: Desioarekin lotutako estrategia da. Oraindik erabilgarria den gailu bat berri batekin ordezkatzera bultzatzen gaituzte, horretarako publizitatea erabiliz. Azkena, punta-puntakoa den teknologia edukitzeko behar psikologikoa sortzen dute.
Herritarren %77a prest dago produktuak konpondu eta bizitza erabilgarria luzatzeko, Eurobarometroaren inkesta baten arabera, baina ia inoiz ez du egiten, garestiegia delako. Izan ere, ekoizle gehienek gailu elektronikoak konpontzea zailtzen dute. Adibidez, telefono mugikorren kasuan bateriarekin lotutako akatsen proportzioa %51koa da, baina gehienetan ez da erraza ordezkatzea, kolaz itsatsita egoten delako.
Mugikorrak konpontzea errazte aldera, gailuek modularrak izan behar lukete, Dabid Martinez informatikari eta aktibistak “Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz” artikuluan azpimarratzen duen bezala. Hau da, erraz askatu eta ordezkatu daitezkeen zatiz osatuta egon behar lukete. Horrela, mugikorraren osagai bat hondatzen bazaigu, adibidez, bateria, torloju batzuk askatu eta guk geuk modu errazean konpondu ahalko genuke. Iazko Euskarabilduan Iratxe Achak azaldu zigun bezala, bide horretatik ari dira lanean Fairphone-n, baina araua izan beharko lukeena salbuespena da zoritxarrez.