Alexis Kauffmann: “Errazagoa da software librea hautatzea, bat datorrelako hezkuntzaren balioekin”

EuskarabilduaFramasoftFrantziahezkuntzaSoftware librea

Alexis Kauffmann, Frantziako Hezkuntza Ministerioko DNEko (Hezkuntzarako Zuzendaritza Digitala) teknologia digitaleko sektoreetako software-proiektuen eta hezkuntza-baliabide libre eta mistoen zuzendaria da. Hezkuntza libre eta irekiaren aldeko ekintzaileak urriaren 26an Donostian izango diren Euskarabildua jardunaldietan parte hartuko du. Hezkuntza Ministerioak komunal digitalen alde dituen uste sendoak eta politika deskribatzen ditu Class’Code elkarteari emandako elkarrizketa honetan. CC BY lizentziari esker Iametza​k itzuli eta ARGIAren 2843 zenbakian argitaratua.

in dira zure egitekoak Hezkuntzarako Zuzendaritza Digitalean?

Nire zeregin nagusia da irakasleen ekosistema sustatzea, komunitate digitalak sortu eta trukatzeko. Kontzeptu hori, berria bada ere, agenda politikoaren parte da orain, parte hartzeko zortea izan nuen Hezkuntzarako Agenda Digitalaren ardatzetako bat baita.

Lehenik eta behin, software librearen erabilera bultzatu nahi da Frantziako hezkuntzan, ikaskuntzak hobetzeko eta erabilera digitaletan subiranotasuna ezartzeko. Halaber, baliabideak partekatu nahi dituzten irakasleak animatzen ditugu Creative Commons lizentziak aukeratzera.

Komunitatea egitera gonbidatzen duten hezkuntza-praktika libreak beharrezko dituzte komunal digitalek. Irakasleei baldintzarik onenak eskaini behar dizkiegu elkarlanerako eta lanak erraz partekatzeko. Lurraldeetan proiektu asko ikusten dut, talentu handia, bai irakasleen artean, baita Class’code gisako elkarteetan ere. Nire xedea da sorkuntza horretan laguntzea eta komunitateen garapenaren bidez babestea.

Kulturari dagokionez, gauza interesgarri bat dago: Ministerioaren goitik beheranzko gobernantzatik pixkanaka horizontaltasunera igarotzen ari gara, irakasleen eta ikasleen beharrak kontuan hartuta.

Nire aktibitatearen beste erronka garrantzitsu bat da sektore eta lanbide digitaletan emakumeen presentzia handitzea. MeToo mugimendua inflexio puntua izan zen, baina oraindik emakumeak soilik %10-30 inguru dira sektore horietan. Uste sendoa dut parekotasuna handitzeak aberastasuna eta aniztasuna ekarriko dituela.

Zein izan dira etapa nagusiak software librearen munduan egin duzun ibilbidean?

Matematikako irakasle izan naiz nire karreraren zati handi batean. 15 urtez Framasoft proiektu komunitarioan aritu naiz lanean, software librea bultzatzen duen hezkuntza-sare herritar batean. Betidanik uste izan dut kultura librea oso hurbil dagoela Hezkuntza Nazional Publikoaren balio eta helburuetatik: baliabideak eskuratu, aztertu, aldatu eta partekatzeko eskubidea ematea erabiltzaileei. Denbora luzean egin dut lan hezkuntza nazionala horretaz arduratu dadin.

Bestalde, interesgarria da Hezkuntza Nazionaleko Ministerioa lako erakunde batek oinarrizko ekintzaile bat hartzea, batez ere haien ekintzak argi eta garbi kritikatu ahal izan ditudalako. Osasun-krisiaren ondoren, 2021ean, hezkuntza digitalari buruzko eztabaida orokorra egin zen. Eskola-komunitateari hitz egiteko eskatu zitzaion. 40 proposamenetako bat software librearen erabilerari eta hezkuntza-baliabide libreen garapenari buruzkoa zen. Ministerioko kide egin nintzen, azken 20 urteetako elkarlaneko ekintza komunitarioari esker. Eta gaur, duela 20 urteko uste sendo berberekin ari naiz.

Zer da BigBlueButton, Hezkuntza Nazionalean eskala handian ezarritako software librea?

Lehen konfinamenduan, bideokonferentziak eta klase birtualak emateko soluzio bat aurkitu behar izan genuen, eskala handian zabaltzeko. Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak 1.200.000 eragile eta 10.000.000 ikasle baino gehiago ditu.

Orain arte, software pribatiboa erabiltzen zen: garestia zen eta datuak Amazonen azpiegituretan ostatatuta zeuden. Horrek arazoak eragiten zituen datu pertsonalen babesaren ikuspegitik eta, kodea itxia zenez, ezin genuen hobekuntzarik egin gure beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko.

Ondorioz, tresnaz aldatu genuen, baina baita paradigmaz ere nolabait, eta BigBlueButton software librera bideratu ginen. Kostuak murrizteaz gain, badira beste interes batzuk: kalitatezko softwarea erabiltzea, softwarearen garapenean parte hartzea, finantzatzea eta gure erabiltzaileen esperientzia eskaintzea, hau da, irakasle eta ikasleen feedbacka ematea.

Gaur egun, tresna hori irakasleentzat (Eskola Birtuala tresna) eta hezkuntza sistemako beste langileentzat (Visio-Agents tresna) dago eskuragarri, klase birtualeko zerbitzuekin. Frantziako Estatuko administrazio publiko osoarekin ere partekatzen da BigBlueButton-en webinar zerbitzua, DINUMek (Digitaleko Ministerio arteko Zuzendaritza) kudeatuta. Denon eltzetik elikatzen gara, baina guk ere ematen diogu bueltan guztion lapikoari.

DNEra iritsi eta gutxira, Hezkuntza Librearen Eguna ospatu zenuten lehen aldiz. Zein izan zen ekitaldiaren helburua?

20 urteren buruan irakasleen proiektu asko ikusi ditut, beren lanaren kalitate eta baliagarritasunaren mailako sostengurik jasotzen ez zutenak. 2023an, ministeriora iritsi eta hilabete batzuetara, Lyongo akademiak hezkuntza libreari eskainitako egun bat antolatzeko zuen borondateari eutsi nion.

Ekitaldi honen helburua da, lehenik eta behin, lurralde bat hurbiltzea digital komunen auzira. Bigarren helburua proiektu libreak identifikatu eta balioan jartzea da, izan programa informatikoak edo hezkuntza baliabideak. Apirilaren 7an 35 proiektu aurkeztu genituen Renneseko bigarren edizioan. Irakasleen talentuen aniztasuna erakusten dute, irekitasuna eta partekatzea proiektuen parte direlarik. Azken helburua parte hartzeko gogoa ematea da, proiektuen sustatzaileek gogoberotasuna kutsatzen baitute.

Adibidez, irakasle batek orientazio-lasterketetarako erloju konektatuak hackeatu ditu ikasleentzat. GPS sentsoreek datuak eskuratzeko aukera ematen dute, mapa eta grafiko gisa aztertzeko. Ekimen ederra da. La Digitaleren tresna libreek ere markatu naute. Danimarkan bizi den irakasle batek eskaintzen duen lineako zerbitzu-multzo horrek hilean 700.000 bisitari inguru biltzen ditu. Irakasleari zutik jarrita egin zioten txalo entzuleek bere hitzaldiaren amaieran.

Liburu berezi bat banatu zitzaien parte-hartzaile guztiei doan eta libre. Ada & Zangemann txiki eta helduentzako ipuina da. Teknologiari ematen diogun erabilera eta gure menpekotasunak aztertzen ditu, eta ipuinaren protagonistak teknologia digitalaren eragile izatera gonbidatzen gaitu, ez kontsumitzaile. Baina istorio eder horretatik haratago, haren ekoizpenak du zentzua hemen: alemaniar jatorriko liburua da, eta itzulpenak egiteko aukera ematen duen lizentzia librea du. Horri esker, lau eskolatako 13 eta 18 urte bitarteko ehun ikaslek baino gehiagok, liburua itzuli dute irakasleekin batera, Hezkuntza Librearen Egunean aurkezteko. Ikaskuntza librea ez da soilik kodea eta softwarea.

Gordailu Nazionala proiektuak komunal digitalen ekoizpena eta banaketa sustatzen ditu, irakasleentzat eta ikasleentzat. Gehiago esan diezagukezu?

2023-2027 Hezkuntzarako Estrategia Digitalaren helburuetako bat “Komunitate digitalen garapena bultzatzea” da, eta irakasleei (eta gero ikasleei) baliabide libreak metatzeko eta banatzeko gune bat eskaintzea du helburu: bai softwarea, bai eduki pedagogikoak.

Gure irakasleek sortutako software librearen kodea partekatzea da hasierako ideia. Frantzian milioi bat irakasle inguru gaude, eta horien artean, eskola-komunitaterako aplikazio erabilgarriak eskaintzen dituzten talentudun garatzaileak daude. Orain, datu pertsonalak errespetatzen dituen zerbitzari subirano bat eskaintzen diegu, GitLab software librean oinarritua. Proiektuei aukera ematen die elkar hobeto ezagutzeko eta lankidetzan aritzeko. Horren adibide dira lehen hezkuntzako eskoletako ordenagailuak hornitzeko PrimTux hezkuntza-banaketa, eta ikasleen ahozko trebetasunak lantzeko mon-oral.net webgunea.

Baina konturatu ginen gero eta lankide gehiagok erabiltzen dituztela gordailuak, ez softwarea sortzeko, baizik eta online hezkuntza-edukia diseinatzeko eta argitaratzeko (ikastaroak, jarduerak, ariketak…), formatu ireki eta arinetan lan eginez, batez ere testua edo formatudun testua (Markdown, LaTeX eta abar). Erabilera berri horiei erantzuteko ere jarri da abian proiektua. Horrela, irakasle batek matematikako kurtso guztiak proposatzen ditu, beste batek Baxorako filosofiakoak biltzen ditu… Baina gordailuak elkarlana errazten duenez irakaskuntza-komunitateen proiektuak ere badaude, hala nola e-NSI gunea NSI espezialitate berriaren inguruan edo MathALEA matematikako ausazko ariketen plataforma.

Eta gordailuan dena libre denez, guztiek erabili, egokitu eta hobetu ditzakete baliabideak, denbora-mugarik gabe. Horrela, irakasleek beren ikasleentzako klaseak eta jarduerak sor ditzakete. EdTech edo hezkuntzaren industria-sektoreak ere kodea eta edukia erabil ditzake balio erantsi handiko zerbitzu berriak eskaintzeko, batez ere adimen artifizialaren bidez.

Zure ustez, zein dira software librea erabiltzeko eta hezkuntza-baliabide libreak zabaltzeko oztopo nagusiak?

Komunal digitalen eta haiek hezkuntzan duten garrantziaren ezezagutza da oztopo oraindik ere. Horregatik jarraitu behar dugu sentsibilizazio eta trebakuntza lanean.

LibreOffice eta Microsoft Office bulegotika tresnen artean, Firefox eta Google Chrome nabigatzaileen artean edo Linux eta Windows sistema eragileen artean dagoen diferentzia ez dago ezaugarrietan, izaeran baizik. Errazagoa da libreak hautatzea, nire ustez bat datozelako gure hezkuntzako balioekin. Erabaki hori ez da erraza, ohiturak aldatzea eskatzen baitu, kasu gehienetan informatika tresna ez-libreen bidez ezagutu baitugu. Halaber, beharrezkoa da, software libreko tresnen kalitatea pribatibo baliokideen parekoa izatea, erabiltzaileen esperientzia okerragoa izan ez dadin; bestela, munduko borondate onenarekin ere, aldaketak ez du arrakastarik izango.

Hezkuntza-baliabide libreei dagokienez, badira beste oztopo batzuk. Lehenik eta behin, hezkuntzak indibidualegia izaten jarraitzen du. Elkarrekin partekatu eta egiteko kultura oraindik garatzeke dago, trebakuntzan eta ikastetxeetan. Irakasleek klasean ikasleen aurrean emandako orduak dituzte buruan, batez ere, erakundeek. Gainera, batzuetan hierarkiak epaituko ote dituen beldur dira. Asko dago egiteko komunal digitalak sortzen eta partekatzen dituzten irakasleak ezagutu eta balioan jartzeko.

Hain zuzen, zergatik da garrantzitsua hezkuntza-baliabide libreen ekoizpena eta hedapena laguntzea eta bultzatzea? Eta zer ematen dute Creative Commons lizentziek?

Edozein baliabidek, digitala izan zein ez, modu lehenetsian erreserbatuak ditu eskubide guztiak. Horrek esan nahi du, teorian, egileei baimena eskatu behar zaiela berrerabiltzeko. Hala ere, irakasleek sortutako ikastaroak hainbat dokumenturen remix eta egokitzapena izan ohi dira. Imajina dezakezu dokumentu horietako bakoitza erabiltzeko baimena eskatu eta gero itxaron beharra, lortzeko inolako bermerik gabe?

Baina egileak sortutako edukia Creative Commons lizentzia baten pean jartzen badu, hezkuntza-baliabide libre bihurtzeko, zenbait eskubide ematen dizkio erabiltzaileari, hala nola berrerabiltzekoa edo egokitzekoa, inolako baimenik eskatu gabe. Horiek dira lankidetzarako eta trukerako lizentzia egokienak.

Hezkuntza-baliabide libreekin, eskola-komunitateak badaki ez dagoela oztoporik jakintzak askatasunez zirkulatzeko, eta hori oso garrantzitsua da hezkuntzako zerbitzu publikoen esparruan.

Zeintzuk dira jabetza publikoko baliabideak babestearen inguruko erronkak, enpresa handien eta adimen artifizialaren aurrean?

Herritartasunaren eta subiranotasunaren inguruko erronkak dira, batez ere. Elkarlaneko tresnak erabilgarriak dira eta adimen artifizialaren promesak liluragarriak, baina zer egin berrikuntza horiek guztiak multinazionalen kontrolpean badaude? Horien helburua ez da, a priori, herritarrak heztea, baizik eta akziodun eta inbertitzaileei irabaziak ematea.

Gaur egungo eskolak ChatGPT gisako tresnak erabil ditzake, eta erabili behar ditu, baina zer erantzungo diogu “nola funtzionatzen du ChatGPTk?” galdetzen duen ikasleari, bere mekanismoa ulertzeko koderik ez badugu eskura?