Danimarkak legez kanpokotzat jo du Googlek ikasleen datuak biltzea

ChromebookDanimarkadatuen babesaGDPRGooglehezkuntzapribatutasuna

Euskal Herriko eskola askotan bezala, Danimarkan ere Chromebook-ak eta Google Workspace (lehen G Suite for Education deitua) erabiltzen dira. Hala ere, datorren ikasturtetik aurrera gauzak aldatzera doazela dirudi, datuen babeserako agentzia daniarrak legez kanpokotzat jo baitu Googlek ikasleen datu pertsonalei ematen dien erabilera.

Datuak Babesteko Danimarkako Agintaritzaren urtarrilaren 30ko erabakian irakur daitekeenez, legezkoa da Googlek ikasleen datuak zenbait helbururekin erabiltzea, esaterako zerbitzuen segurtasuna eta fidagarritasuna hobetzeko. Baina legez kanpokotzat jo dute Googlek ikasleen datu pertsonalak “bere helburu propioetarako” erabiltzea. Erabakiak espresuki aipatzen ditu datu pseudo-anominizatuen eta agregatuen erabilerak: adibidez, ikasleen datuak erabiltzea Google Workspace, Chromebook, Chrome OS eta Chrome nabigatzailearen errendimendua neurtzeko, hobekuntzak egiteko edo ezaugarri berriak garatzeko.

Erabakiak abuztuaren batetik aurrera izango du eragina, baina Chromebookak erabiltzen dituzten eskolek martxoaren lehenerako adierazi beharko dute zer egingo duten. Adibide gisa legea betetzeko aukera hauek aipatu ditu agentziak:

  • Udalerriek Googleri datu pertsonalik ez ematea legez kanpokotzat jotako helburuetarako. Horretarako Googlek datu horiek iragazteko aukera gehitu beharko lukeela aipatzen da erabakian.
  • Googlek legez kanpokotzat jotako helburuetarako prozesatzeari uztea.
  • Danimarkako Parlamentuak legezko oinarria ematea datuen erabilera horiei.

Hala ere, pribatutasunaren eta teknologia burujabetzaren ikuspuntutik laugarren aukera bat hobea litzateke: eskolek Googleren erremintak erabiltzeari utzi eta software librekoak baliatzea. Esaterako Kataluniako hezkuntzan Google Workspaceren ordez erabiltzeko Xnet-ek garatutako Digital Democrátic (DD) tresna-sorta librea eta Euskal Herrian garatutako Txikilinux eta Luberri sistema eragile askeak. Xnet-eko Simona Levi-k dioen bezala “hainbesteko irabaziak dituzten enpresa komertzialak hezkuntza doan digitalizatzeko prest egoteak erakundeei susmo txarrik ez eragitea kezkagarria da”.

Lau urtez luzatu den auzia

Auziaren jatorrian Helsingør-eko udal-eskolako Jesper Graugaard gurasoak 2019an aurkeztutako kexa bat dago. 2020an Helsingør-eko udalak jazoera pribatutasunaren urraketa modura jakinarazi zion datuen babeserako agentziari. Beste hainbat udalek ere antzeko kasuak salatu zituzten. 2021ean Chromebook eta G Suite erabiltzeak dakartzan arriskuen balorazioa egiteko eskatu zion agentziak Helsingør-eko udalari. 2022an, dokumentazioa aztertu ondoren, Googleren tresnek Europako datuen babeserako legea urratzen zutela erabaki zuten. Epai hura Helsingør-i zuzendua bazegoen ere, datuen babeserako agentziak beste udalerrien kasuak aztertzen jarraitu du, eta oraingoan epaiak eskoletan Chromebookak erabiltzen dituzten Danimarkako 53 udalerriri eragiten die.