Ohikoa da Windows sistema eragilea duten ordenagailuek motel funtzionatzea urte batzuk dituztenean. Software libreko sistema eragileak aukera bikaina dira gailu zaharrak berpiztu eta biziberritzeko. Hori nola egin azaltzeko, Urruñako Erlaitza Eskolak formakuntza antolatu du, apirilaren 1ean, Behobian (Lapurdi). Luberri Linux sistema eragile libre eta euskalduna instalatu eta erabiltzen ikasiko dute ikastaroan parte hartzen dutenek.
Ordenagailuen errendimendua are gehiago handitzeko, disko gogor mekanikoa (HDD) disko gogor trinko (SSD) batekin ordezkatzeko aukera ere egongo da ikastaroan. SSD diskoek HDDak baino bost aldiz azkarrago funtzionatzen dute. Kendutako disko zaharrak ez dituzte botako, karkasa batean sartuta kanpo disko gogor bezala erabiltzeko egokituko dituzte.
Formakuntza 2023ko apirilaren 1ean emango da, goizez 9:00 – 14:00 artean, Behobiako Intzuralde gelan. Parte-hartzaileek hiru formatzaileren laguntza izango dute: Alex Gabilondo eta Iñigo Gebara (Luberriren sortzaileak), eta Eder Etxebarria (Baionako Etxepare lizeoko irakaslea).
Hau izango da formakuntzaren egitaraua:
- Ordenagailuak aztertu eta SSDak instalatu.
- Luberri abiatzeko USB giltzak prestatu.
- Instalazioa burutu eta programak instalatu.
- Galderak eta iradokizunak
Formazioak 80 euroko prezioa du. Aukeran, beste 25 euro ordainduta SSD diskoa eta karkasa jasoko ditu parte-hartzaileak. Izen-ematea eta xehetasun gehiago Erlaitza Eskolaren webgunean: www.erlaitzaeskola.eus/luberri-formakuntza