2018an Associated Press-ek egindako ikerketa bati esker jakin zen, Android eta iOS gailuen ezarpenetan Googleri geolokalizazio daturik ez ematea espresuki hautatuta ere, kokapena eskuratzen jarraitzen zuela multinazionalak.
2014an, edo lehenago, abiatu zuen Googlek jokabide iruzurti hori. AEBetako 40 estatutako fiskal nagusiek auzitara eraman zuten multinazionala eta azkenean 391 milioi dolar ordaindu beharko dituela adostu dute. AEBetan pribatutasun gaien inguruan ezarritako zigor ekonomikorik handiena bada ere, kontuan izan behar da 2022ko lehen seihilekoan 111.000 milioi dolarreko diru-sarrerak eskuratu dituela Googlek iragarkien negoziotik, sektoreko gainerako enpresek baino gehiago.
“Urtetan, Googlek irabaziei eman die lehentasuna, erabiltzaileen pribatutasunaren aurretik”, esan du ikerketaren gidarietako bat izan den Oregongo fiskal nagusi Ellen Rosenblumek. “Maltzurrak eta iruzurtiak izan dira. Kontsumitzaileek Googleren kokapenaren jarraipenaren ezaugarriak itzali zituztela pentsatu arren, konpainiak mugimenduen datuak gordetzen jarraitzen zuen ezkutuan, eta informazio hori iragarleentzat erabiltzen zuten”.
Ez da Googleri gai honegatik azkenaldian ezarri dioten zigor ekonomiko bakarra. Urrian Arizonako estatuari 85 milioi dolar ordaindu zizkion beste auzi bat ixteko. Bestalde, AEBetako beste lau estaturekin ere auzitan dabil multinazionala arrazoi beragatik.
Oregongo Justizia Departamenduaren prentsa oharrak dioenez, kokapen datuak datu pertsonal sentikorrenetakoak dira, eta Googleren Interneteko iragarkien negozioaren funtsezko osagaia. Kokapen datuen kopuru mugatu bat nahikoa da pertsona baten identitatea eta errutinak identifikatzeko. Multinazionalak biltzen dituen beste datu pertsonal batzuekin batera pertsonen profil zehatzak eraikitzen dituzte, iragarki pertsonalizatuak eskaintzeko. Rosenblum fiskal nagusiaren esanetan “pribatutasun lege zabalik ez dugun bitartean enpresek marketin helburuetarako datu pertsonal kopuru handiak biltzen jarraituko dute kontrol gutxirekin”.
Are kezkagarriagoa da, Cambridge Analytica eskandaluak erakutsi bezala, politikoki eragiteko ere erabili daitezkeela erabiltzaile profil horiek. Facebookeko milioika erabiltzaileren datuak erabili zituen enpresa batek, propaganda politiko pertsonalizatua egin eta hainbat hauteskunderen emaitzetan eragiteko. Horien artean, 2016an Donald Trump AEBetako presidentetzara eraman zuten hauteskundeak, eta urte berean Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko bidean jarri zuen Brexit erreferenduma.