Abaraska taldeak “Euskal Fedibertsoko topaketak” antolatu ditu larunbat honetan, maiatzak 20, Errenterian, jardunaldia ospatuko den Badalab espazioaren eta Talaios Koop-en laguntzarekin. Kataluniako Fedicat eta Anartist taldeetako kideek Fedibertsoaren 15 urteko historiari buruz hitz egingo dute, eta ARGIAk sare sozial libreetarako jauzia azalduko du. Talde-lan dinamikak eta erronkak ere egongo dira, baita elkar desbirtualizatzeko aukera ere.
Abaraska taldea Fedibertsoa eta euskara defendatzen dituen librezale taldea da. Hainbat zerbitzu sortu eta mantentzen dituzte: PeerTube.eus bideoentzat, Pixelfed.eus argazkientzat eta Lemmy.eus foroentzat. Denak euskaraz, irekiak, software librearekin eginak eta Fedibertsoaren parte direnak. Hain zuzen ere, horixe da jardunaldien gai nagusia: Fedibertsoa. Hitza ‘federazio’ eta ‘unibertso’ hitzen konbinaziotik dator, eta elkarren artean federatutako sare sozial libre eta burujabeek osatzen duten unibertsoa izendatzeko erabiltzen da.
Hitzaldi nagusian Fedibertsoaren 15 urteko historiari errepasoa emango diote Kataluniako bi gonbidatuk: katalanezko sare eta eduki libre eta deszentralizatuak bultzatzen dituen Fedicat taldeko Rita Barrachinak eta artistei sare sozial libreak eskaintzeko sortutako Anartist plataforma autogestionatuko Marcel Costak. Rita Barrachinak argitaratu berri du Fedivers – 15 anys de mijans socials federats (“Fedibertsoa – sare sozial federatuek 15 urte”) liburua, eta maiatzaren 18an aurkeztuko du Bartzelonako La Impossible liburu-dendan. Marcel Costak Anartist plataformaren nondik norakoak azalduko ditu beste hitzaldi batean bazkalondoren.
ARGIAko Axier Lopez kazetariak eta Asier Iturralde garatzaileak Fedibertsorako jauzia nola eman duten ere azalduko dute. ARGIAk 2018ko udaberrian sortu zuen kontua mastodon.social zerbitzarian. Hilabete gutxira, Azkue Fundazioak, iametzak, Laborategia.eus-ek, PuntuEUS Fundazioak eta Talaios kooperatibak elkarlanean mastodon.eus euskal instantzia martxan jartzean, bertara eraman zuten kontua. 2020an iametzak euskal musikari eta podcast sortzaileen eskura jarritako Baleafunk.eus Funkwhale instantzian hasieratik daude entzungai ARGIAren podcastak, eta 2021ean bideoak.argia.eus Peertube instantzia martxan jarri zuten, erredakzioko kideek sortutako bideoak modu burujabean ostatatzeko.
Hitzaldiez gain, talde-lan dinamikak eta erronkak ere egongo dira jardunaldietan, baita elkar desbirtualizatzeko aukera ere. Sarrera irekia izango da, baina ahal izanez gero ostirala aurretik formulario hau erabiliz izena emateko eskatu dute Abaraskako kideek, eguneko beharrak hobeto aurreikusteko aukera izan dezaten. Katalanetik euskararako aldibereko itzulpena eskainiko dute Telegram erabiliz. Itzulpena jaso nahi izanez gero, aurikularrak eta mugikorrean aplikazioa instalatuta eramateko eskatu dute.
Hau da antolatu duten egitarau osoa:
- 9:30 Sarrera
- 10:15 Jardunaldiaren aurkezpena
- 10:30 FEDIVERSE: 15 anys d’història
- Rita Barrachina (Fedicat) eta Marcel Costa (Anartist)
- 11:30 Kafealdia: desbirtualizatu dezagun elkar!
- 12:00 Argia: nola salto egin fedibertsora
- Asier Iturralde (Argia) eta Axier Lopez (Argia)
- 12:30 Fedibertsoa praktikan: taldeko erronkak
- Mikel Gartzia (Abaraska)
- 13:30 Goizeko saioaren itxiera
- Bazkaria (katerina)
- 15:00 Arratsaldeko saioaren irekiera
- 15:10 ANARTIST: eines lliures per a artistes lliures
- Marcel Costa (Anartist)
- 15:30-17:00 Talde-lan dinamikak