Mastodoneko bi komunitate euskaldunek jaso dute 2023ko Interneteko Argia saria: Mastodon.jalgi.eus eta Mastodon.eus. Guztien izenean, Dabid Martinezek nabarmendu zuen euskararen arnasgune eta arigune iraunkorra izan direla azken bost urteetan. Komunitatea osatzen duten milaka kideak zoriondu zituen, egunero-egunero hizkuntzarekiko erakutsi duten jarrerarengatik. Azpimarratu zuen, etorkizunean, euskarak bizirik iraungo badu, euskaltzaleok barneratu behar dugula teknologia burujabetzan eta software, ezagutza eta kultura librean oinarritu behar dugula.
Bi komunitateak 2018ko udazkenean sortu ziren. Lehena, Izarkomek sortutako Mastodon.jalgi.eus izan zen. Aste gutxira, Mastodon.eus jaio zen, hainbat eragileren elkarlanetik: Azkue Fundazioa, Dinahosting, iametza, Laborategia.eus, PuntuEUS Fundazioa eta Talaios kooperatiba. ARGIAko Aloña Soraluzek esan bezala harrigarria bezain txalotzekoa da sare sozial honetako euskarazko bi komunitateen artean giro ona izatea eta elkarren artean federatuta egotea.
Dabid Martinezen esanetan, Mastodon bezalako ekimenek erakusten dute, hainbatentzat helburua ez dela sare sozialetan ahalik eta irismen handiena lortzea, eta badirela alternatibak algoritmo maltzurretatik, adimen artifizialetik, publizitate inpaktutik eta atxikitze politiketatik haratago. Horiei kontrapuntu bezala aipatu zituen Mastodon komunitateko “mikro-audientzien sostengua, elkarlana eta komunitate sentsazioa”.
Euskal Mastodon komunitateak, eta oro har euskal fedibertsoak, etorkizunera begira dituen hiru erronka zerrendatu zituen: emakumezkoen presentzia handiagotu eta ikusgarritasuna bermatzea, komunitateak erabakietan parte hartzeko bide parte hartzaileagoa diseinatzea eta oraindik lur hartu ez duten euskarazko zenbait proiektu erakartzeko moduak eskaintzea.
Eskerrak emanez amaitu zuen: Dinahostingi eta Izarkomi euskal komunitatea sostengatzen duten zerbitzariengatik, eta Librezaleri bere lan militante eta nekaezinarekin ehunka eta ehunka itzulpen euskarara ekarri dituelako auzolanetik azken ia hogei urteotan.
Hemen ikus dezakezue hitzaldia osorik. Azpimarratzekoa da ARGIA.eus-ek bere Peertube instantzia erabiliz eskaini zuela ekitaldia zuzenean.