Alemaniako Gobernu Federalari Facebookeko bere orria erabiltzeari uzteko agindu dio Ulrich Kelberrek, Alemaniako Datuak Babesteko eta Informazio Askatasunerako Komisario Federalak (BfDI). Lau asteko epea izango dute agindua bete edo apelazioa aurkezteko.
Komisarioaren esanetan bateraezinak dira datuen babeserako legeak eta Facebook erabiltzea. Egin dituzten ikerketek eta datuen babeserako konferentziaren txostenak hala frogatu dutela ziurtatu du. “Ezinezkoa da gaur egun, erabiltzaileen datu pertsonalen prozesamendu zabala dela eta. Uste dut garrantzitsua dela estatuarekin sare sozialen bidez harremanetan jartzeko aukera izan eta informazioa jaso ahal izatea, baina herritarren oinarrizko eskubideak babesten badira soilik.” Agintariek legea modu eredugarrian betetzeko ardura dutela gaineratu du.
Komisarioak bere Mastodon zerbitzari propiotik egin du iragarpena. Bertan egindako galderei erantzunez aginduak Alemaniako Gobernu Federalaren Facebookeko orriari soilik eragiten diola argitu du, baina prozedurak ondorio eredugarria izatea espero duela.