Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den Meta multinazional estatubatuarrari 265 milioi euroko isuna ezarri dio Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak, Facebookeko erabiltzaileen datuak zaintzeko behar bezalako neurriak ez hartzeagatik. Sare sozialeko 533 milioi erabiltzaileren datu pertsonalak Interneteko foro batean agertu ondoren abiarazi zuten ikerketa. Ez da azken hilabeteetan Europan jaso duten lehen isuna izan, eta ziur aski, ezta azkena ere. 2021eko irailetik hona, guztira ia 1.000 milioi euroko zigor ekonomikoa jaso du Metak, pribatutasunarekin eta datu pertsonalen babesaren urraketekin lotuta.
2021eko irailean, Whatsappi 225 milioi euroko isuna ipini zion Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak, ez zegoelako argi ze datu pertsonal biltzen zituen, ezta Facebookekin ze informazio partekatzen zuen ere. Komeni da gogoratzea, Joxe Rojasek albistearen berri emanez Teknopataren txokoa blogean azaldu zuen bezala, “Androideko Facebook aplikazioak erabiltzaileak bere telefonoan instalatu eta desinstalatutako aplikazio guztien zerrenda eta agendako kontaktu guztien izen-abizenak eta telefono zenbakiak biltzen dituela, izan kontaktu horiek Facebookeko erabiltzaile ala ez. Pentsatzekoa da Whatsappek ere antzeko datuak gordeko dituela, are gehiago Facebookekin gehiago integratu eta zerbitzu komertzialak eskaintzen hasi nahi duen honetan.”
2021eko azken egunean, Frantziako Datuen Babeserako Autoritateak (CNIL) 60 milioi euro ordaintzera zigortu zuen Facebook, erabiltzaileei cookie guztiei uko egitea denak onartzea baino zailago jartzeagatik. Horrelakoei diseinu engainagarriak deitzen zaie eta erabiltzaileen portaera manipulatzeko garatuta daude. Zoritxarrez oso ohikoak dira. Cookie guztiak onartu edo ukatzea maila berean jarriz gero, askok uko egingo diote beren datuak emateari. Eskubide digital eta pribatutasunaren aldeko NOYB (My privacy is Non Of Your Bussiness) taldearen arabera, erabiltzaileen %90ak sakatzen du Ados botoia, baina %3ak soilik onartu nahi ditu cookie-ak benetan.
2022ko irailaren 15ean, Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak 405 milioi euroko isuna ezarri zion Metari, 13 eta 17 urte arteko nerabeei Instagramen kontu profesionalak zabaltzen uzteagatik. Enpresei zuzendutako kontu mota horretan erabiltzaileen telefono zenbakiak eta posta elektronikoko helbideak denen bistara egoten dira. Gainera, adin-txikikoek Instagramen zabaldutako kontuak modu lehenetsian “kontu publiko” gisa konfiguratuta zeuden.
Azaroaren 28an, Metak 265 milioi euroko zigor ekonomikoa jaso zuen Irlandako Datuen Babeserako Batzordearen eskutik. Oraingoan Facebookeko erabiltzaileen datu pertsonalak behar bezala ez babesteagatik. Facebookeko 533 milioi erabiltzaileren datu pertsonalak foro batean eskuragarri agertu ondoren abiarazi zuten ikerketa 2021ean. Sare sozialak mundu mailan dituen 2.320 milioi erabiltzaileen ia laurdena da hori. Facebooken kontaktuak inportatzeko funtzioaren segurtasun arazo bat baliatu zuten datu pertsonalak lapurtzeko. Telefono zenbakiak, izen-abizenak, jaiotegunak, biografiak, geokokapenak, Facebookeko identifikatzaileak eta posta elektronikoko helbideak lortu zituzten erasotzaileek.
Etorkizun hurbilera begira, 2023ko urtarrilean Metak beste isun handi bat jasoko duela dirudi. Une honetan Facebook eta Instagramen ez dago modurik datu pertsonaletan oinarritutako iragarkiei uko egiteko, baina The Wall Street Journalek argitaratu duenaren arabera, hori aldatzera doa. Oraindik erabakia publiko egin ez badute ere, badirudi Europako Datuen Babeserako Batzordeak legez kanpokotzat jo duela erabiltzaileen berariazko baimenik gabe Facebook eta Instagramek datu pertsonaletan oinarritutako iragarki pertsonalizatuak bistaratzea. Informazioa baieztatzen denean xehetasun gehiagorekin azalduko dizuegu.
Zigor ekonomiko hauek ez dira edonolakoak, baina Metak bere negozioa aurrera eramateko ordaindu beharreko kostu bezala hartzen dituela pentsa daiteke. 2021ean 95.280 milioi dolarreko irabazi gordinak izan zituzten, eta 3.000 milioi euro gordeak omen dituzte 2022-2023 urteetan datuen babesarekin lotutako isunak ordaintzeko.