Brennan Lawson-ek Kaliforniako justiziaren aurrean salatutakoaren arabera, Facebookek erabiltzaileek ezabatutako edukiak ikusteko aukera ematen duen barne-erabilerarako tresna bat dauka. Horren berri izan zuenean bere legezkotasuna zalantzan jarri zuela dio eta horregatik lanetik kaleratu zutela.
Brennan Lawson 2018ko uztailean kontratatu zuten Facebooken. Aurretik bederatzi urtez AEBetako Aire Armadan aritu zen. Bere lana Facebooken edukia moderatzen duten milaka langile prekarioenaren antzekoa zen, baina goragoko mailakoa. Bere taldeak kazetari eta gobernuek jarritako salaketei erantzuten zien. Eduki oso gogorrak gainbegiratu behar izaten dituzte moderatzaileek: buru-mozketak, haurren bortxaketak… eta askok estres post-traumatikoa izaten dute. Adibidez, Lawson-ek lanak eragindako estresaren ondorioz bi gaixoaldi izan ditu.
Lawson-en esanetan, 2018ko urte amaiera aldera erabiltzaileek Messenger-etik ezabatutako edukiak ikusteko aukera ematen duen tresna berri baterako sarbidea eman zion Facebookek bere taldeari, pribatutasun protokolo arruntak saihestuz. Facebookek urte askoan ziurtatu die erabiltzaileei eduki bat ezabatzean behin betiko desagertzen dela eta ez dela arrastorik geratzen beren zerbitzarietan. Salatutakoa egia bada, hori ez dela hala frogatuko litzateke. Umeen datuen kasuan babesa oraindik handiagoa dela esaten du Facebookek, baina salaketaren arabera tresna horrekin edozeinen Messanger-eko historia osora sarbidea dute, baita umeei zuzendutako Messanger for Kids-eko datuetara ere.
Bilera batean tresnaren berri eman ziotenean bere legezkotasuna zalantzan jarri zuela dio Lawson-ek. Jaso zuen erantzun bakarra bere nagusiaren begiratu txarra izan omen zen. Une horretatik aurrera lana galtzeko beldurrak bizi zen eta azkenean 2019ko uztailaren 10ean kontratua eten zion Facebookek. Kaleratzeko arrazoi ofiziala: hilabete batzuk lehenago norbaitek Lawson-en amonaren Facebookeko kontuaren kontrola hartu zuenean ez zuela protokoloa behar bezala jarraitu. Lawson zuzen jokatu zuelakoan dago eta kanporatzearen arrazoia tresnaren legezkotasuna zalantzan jarri izana dela uste du. 2022ko uztailaren 5ean salaketa jarri zuen Facebooken aurka Kaliforniako epaitegietan, 3 milioi dolar baino gehiagoko kalte-ordaina eskatuz.