Gobernuek espioitzarako erabiltzen dituzte mugikorreko jakinarazpenak, AEBetako senatari baten arabera

AEBAndroidAppleGoogleiOSNextcloudpribatutasuna

Orain arte ezezaguna zen zelatatzeko metodo baten berri eman du AEBetako Ron Wyden senatariak: mugikorreko jakinarazpenak. AEBetako eta beste estatu batzuetako gobernuak teknika hori erabiltzen ari dira, Reuters-ek jakitera eman duenez.

Mugikorrak etengabe erakusten dizkigu jakinarazpenak, Whatsapp edo Telegrameko mezu bat jaso dugula adibidez. iOSen kasuan, garatzaileak behartuta daude Appleren jakinarazpen zerbitzua erabiltzera. Androiden, derrigorrezkoa ez bada ere, ia aplikazio guztiek erabiltzen dute Googlerena.

Alderdi Demokratako Ron Wyden senatariak 2022an jakin zuen, informatzaile bati esker, “atzerriko gobernuak” jakinarazpenen erregistroak eskatzen ari zirela Appleri eta Googleri. Wyden-en taldea bi multinazionaletako ordezkariekin harremanetan jarri zen eta AEBetako gobernuak eskaeren berri ematea galarazten zuela jakin zuten. Orain Wydenek gutuna idatzi dio AEBetako Justizia Sailari debekua altxatzea eskatzeko.

Applek baieztatu egin dio gobernuaren debekua Reutersi, baina senatariak espioitzarako metodo hau publiko egin duenez, iragarri dute gardentasun txostena eguneratuko dutela horrelako eskaeren berri emateko. Gutunean ez da zehazten zein gobernuk egin zituzten eskaerak, baina Reutersi gaiari buruz jakitun den iturri batek ziurtatu dio AEBetako gobernua eta “aliatuak diren demokraziak” zirela.

Senatariaren gutunean irakur daitekeenez lortu ditzaketen metadatuen artean daude: telefonoa identifikatzen duen kodea, gailuari lotutako Apple edo Google kontua, noiz eta zein aplikaziok bidali duen jakinarazpena… Mezuen edukia ere eskuratu dezakete, enkriptatuta ez badago behintzat. Jakinarazpenen datuak erabili ziren 2021eko Kapitolioko istiluetan parte hartu zutenei buruzko informazioa lortzeko, Washington Post egunkariaren arabera.

Zentralizazioak espioitza errazten du, baina alternatibak badira

Mugikorreko aplikazioek edozein momentutan jaso ditzakete jakinarazpenak, baina ezin dira denbora guztian mezuen zain martxan egon, izugarri haziko bailitzateke bateriaren kontsumoa. Horregatik jakinarazpenak ez zaizkigu zuzenean iristen, bitartekari lana egiten duten zerbitzuen bidez baizik. Horri esker, itxita dauden aplikazioek ere jakinarazpenak jaso ditzakete eta behar denean bakarrik ireki.

Mugikorrean jasotzen ditugun jakinarazpen gehienak Googleren edo Appleren zerbitzarietatik igarotzeak aukera paregabea eskaintzen die gobernuei herritarrak zelatatzeko, informazioa eskuratzeko nahikoa baitute bi multinazional horien atea jotzea. Jakinarazpen sistema deszentralizatu batek zaildu egingo luke espioitza lana.

Izan ere, iOS-erako aplikazioen garatzaileak behartuta daude jakinarazpenak bidaltzeko Apple Push Notification service (APNs) erabiltzera. Android gailuen kasuan ohikoena Googleren Firebase Cloud Messaging (FCM) erabiltzea bada ere, posible da bestelako jakinarazpen sistemak erabiltzea.

Esaterako, Nextcloud zerbitzari bat izanez gero NextPush erabili daiteke jakinarazpenak bidaltzeko. Bestela, ntfy da beste aukera bat. Biak UnifiedPush espezifikazio askean oinarritutako software librea dira.