Googlek cookie guztiak erraz baztertzeko aukera emango du Europan, 150 milioi euroko isuna jaso ondoren

Diseinu engainagarriakGDPRGoogleIsunaNOYBpribatutasuna

Frantziako datuen babeserako autoritateak (CNIL) 2021eko urte amaieran isunak ezarri zizkien Google eta Facebooki, erabiltzaileei cookie guztiei uko egitea denak onartzea baino zailago jartzeagatik. 150 milioi euroko zigorra jaso zuen Googlek eta Facebookek 60 milioikoa. Apirilaren 21ean Europako legedia betetzen hasiko dela iragarri zuen Googlek, europarrei cookie guztiak aise ukatzeko aukera emanez. Facebookek ere bere cookie bannerrak aldatu ditu, baina legea bete gabe jarraitzen dutela dirudi.

Diseinu engainagarriak

Googlek legea betetzen duen cookie banner berria Frantzian jarri du oraingoz, baina laster Europako erabiltzaile guztientzat ezarriko dutela agindu dute. Europatik kanpo, orain arte bezala, cookie guztiak baztertzea zailtzen jarraituko dute.

Hemen ikus dezakezue Frantzian (eta Ipar Euskal Herrian) erabilgarri jarri duten cookie banner berria: “Baztertu guztiak” eta “Onartu guztiak” maila berean ditu.

Momentuz, Hego Euskal Herrian cookie guztiak erraz baztertzeko eskubidea ukatzen duen Europako legeen aurkako bertsioarekin jarraitzen dugu. “Ados nago” eta “Pertsonalizatu” aukerak soilik ditu eta cookie guztiak ukatu nahi izanez gero, azken horretan klik egin eta pauso gehigarriak eman behar dira.

EGUNERAKETA: 2022-05-12 Mastodon.eus-eko @txo_elurmaluta-ren tut honi esker konturatu gara Hego Euskal Herrian ere “Baztertu guztiak” aukera gehitu dutela:

Facebookek ere antzeko aldaketa egin du. Lehen “Onartu cookie guztiak” eta “Aukera gehiago” botoiak zituen, orain berriz “Onartu soilik beharrezko cookie-ak” eta “Onartu beharrezko eta hautazko cookie-ak” aukerak eskaintzen ditu. Hala ere, ez dute cookie guztiak baztertzeko aukera ematen eta “hautazko” cookie-ak ere onartzeko botoia kolore bidez nabarmenduta dago. Ikusiko dugu zer dioen CNILek, baina arauak bete gabe jarraitzen dutela dirudi.

Horrelakoei diseinu engainagarriak deitzen zaie eta erabiltzaileen portaera manipulatzeko garatuak daude. Zoritxarrez oso ohikoak dira. Cookie guztiak onartu edo ukatzea maila berean jarriz gero, askok uko egingo diote beren datuak emateari. Eskubide digital eta pribatutasunaren aldeko NOYB (My privacy is Non Of Your Bussiness) taldearen arabera, erabiltzaileen %90ak sakatzen du Ados botoia, baina %3ak soilik onartu nahi ditu cookie-ak benetan.

Datuak dirua direnez, Googlek, Facebookek eta beste askok cookie-ak onartzea klik bakarrean jartzen dute, guztiak ukatzea berriz ezkutuan, hainbat klik egitera behartuz. Erabiltzaileen pribatutasunarentzat onuragarria den legedia, diseinu engainagarrien bidez, europar askorentzat webguneetan agertzen diren botoi amorragarriak izatera pasatzea lortu dute.

Frantziako datuen babeserako autoritatea (CNIL) legea betearazten

Cookien lege berria betetzeko epea 2021eko martxoaren amaitu zenetik, hainbat kexa jaso zituen CNILek, tartean NOYBek jarritakoak. Urte bereko ekainean ikerketa abian jartzea erabaki zuten. Geroztik 100 neurri zuzentzaile hartu dituzte (aginduak eta zigorrak). Horien artean aipagarrienak 2021eko abenduaren 31an Googlek jasotako 150 milioi euroko isuna eta Facebooki ezarritako 60 milioi eurokoa. Horrela esanda asko dirudi, baina Googlek 2021ean izandako 76.000 milioiko irabazien %0,2 besterik ez da kopuru hori.

CNILek multinazionalei erabakia jakinarazi zienetik hiru hilabeteko epean legea bete ezean, egunean 100.000 euroko isun gehigarria ordaindu beharko dute. Esan bezala ikusteko dago Facebookek egindako aldaketek legea betetzen duten ala ez. Adi jarraituko dugu.