Gero eta pertsona gehiagok dituzte gailu neuroteknologikoak gorputzean txertatuta: min kronikoarentzako orno-muin estimulatzaileak, barne-belarriko inplanteak entzumenerako, burmuinean txertatutako elektrodoak Parkinson gaitzak eragindako dardararentzat… Hurrengo urteetan neuroteknologiaren inguruko negozioa izugarri haziko dela iragartzen dute, baina aldi berean, gora doa porrot egiten duten edo produktuei euskarria emateari uzten dioten enpresen kopurua ere.
Inplante-fabrikatzaile bat desagertzen denean zer gertatzen zaie bere gailuak erabiltzen dituzten pertsonei? Nature aldizkarian gaiari eskaini dioten erreportajean hainbat testigantza jaso dituzte. Markus Möllmann-Bohle alemaniarrari Kaliforniako Autonomic Technologies (ATI) startup-aren neuroestimulatzaile bat jarri zioten 2013an, urte luzez buruko min bortitzak jasan ondoren. Estimulatzailea bere beharretara kalibratu zutenean “berriz jaio balitz bezala” sentitu zen, baina 2019an ATI enpresak porrot egin zuen, Möllmann-Bohle eta beste 700 pertsona abandonatuta utziz. Gailua birkalibratzeko erabili beharreko software jabedunera sarbidea galdu dute, eta beldur dira urruneko kontrolagailuaren bateria agortzen denean zer gertatuko den. Möllmann-Bohle ingeniari elektrikoa da, eta azken hiru urteetan kontrolagailua kargatzeko ataka konpondu du eta hainbat aldiz aldatu dio bateria, baina hori ez dago pertsona gehienen eskura.
ATI ez da azken urteetan porrot egin duen produktu neuroteknologikoen enpresa bakarra. 2019an, 3.000 pertsonak erabiltzen zuten min kronikoarentzat orno-muin estimulatzaile bat sortu zuen Nuvectra enpresak behea jo zuen. 2020an, gauza bera gertatu zen Floridako Stimwave izeneko orno-muin estimulatzaileen fabrikatzailearekin. Kreditu-kudeaketako enpresa batek erosi zuen jarraian, eta inplantedun milaka pertsona zain daude ea zer gertatuko den. Urte berean, Kaliforniako Second Sight enpresak langile gehienak kaleratu zituen, erretina-inplanteak egindako 350 pertsona euskarri gabe utziz.
Gailuen fabrikatzaileak desagertzean inplanteak ez dituzte kentzen, garestiegia edo arriskutsuegia litzatekeelako. Kasu batzuetan beste enpresa batek eskainitako alternatiba bat dago, baina patenteek gauzak zailtzen dituzte. Kasu gehienetan, mantenu teknikorik gabe, denbora kontua da inplanteak erabiltezin geratzea, programazio aldaketak behar dituztelako, matxura bat dutelako edo bateria agortu zaielako.
Naturek elkarrizketatutako erabiltzaile, mediku eta ingeniari guztiak bat datoz: inplanteak dituen jendea babestu beharra dago gailuen fabrikatzaileen porrotetik. “Bizi osorako arreta jaso beharko lukete” dio Konstantin Slavin neurokirurgialariak. Realeve enpresako exekutibo baten ustez legeria beharrezkoa izango da konpainiek gastuak bere gain har ditzaten: “gobernuek behartu ezean ez dut uste enpresek beren kasa egingo dutenik”. Robert Levy Floridako neurokirurgialariak oso haserre bukatu zuen Nuvectraren porrotarekin: “enpresen praktika txarren edo porroten biktima izatea beldurgarria da pazienteentzat, ikaragarria gure lan-arloarentzat eta erabat ez-etikoa”. Geroztik inplante bat erabili aurretik euskarria ziurtatuko dutela idatziz eskatzen die enpresei.
Neuroestimulatzaileekin lan egiten duten kirurgialariek beharrezko ikusten dute estandarizazio teknikoa ere. Gaur egun erabiltzen diren elektrodo, konektore, zirkuitu programagarri eta elikadura-iturri gehienak jabedunak dira edo aurkitzeko zailak. Estandarizatzeak fabrikatzaile bat desagertzean beste batek ordezko piezak eskaintzea asko erraztuko luke. Hunter Peckham ingeniari biomedikoak gailuak erabat ireki eta libreak izatea nahi luke, bai diseinu-espezifikazioak eta baita euskarrirako dokumentazioa ere. Gaur egungo gailu itxi eta jabedunen antipodetan dago hori.