Mastodon bidez parte hartzeko aukera izango da #txiotesia lehiaketaren aurtengo edizioan

EuskaraFedibertsoaMastodonUEU

Txiotesia euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratzeko UEUk 2013az geroztik antolatzen duen lehiaketa da. Orain arte parte hartzeko X/Twitter erabili behar bazen ere, maiatzaren 14an egingo den 7. edizioan Mastodon erabiltzeko aukera ere emango dute.

2021-2024 urteen artean tesia aurkeztu duten edo tesia orain egiten ari diren ikertzaileei zuzendua dago Txiotesia lehiaketa. Haien lana ezagutzera eman eta pertsonei izen-abizenak jartzea du helburu. Euskaraz egiten den izaera honetako lehiaketa bakarra da. Parte hartzeko haien ikerketa lana laburbiltzen duten mezuak argitaratu beharko dituzte Mastodonen edo X/Twitterren. Nahiago duena aukeratu ahal izango du ikertzaile bakoitzak, baina ezingo ditu biak erabili.

Aurtengo edizioan gehitu dute Mastodon erabiltzeko aukera antolatzaileek. Euskal ikertzaileek hainbat komunitate dituzte aukeran Fedibertsoaren zati den sare sozial deszentralizatuan. Oraindik konturik ez dutenentzat mastodon.jalgi.eus edo mastodon.eus dira gomendagarrienak. Horietan biltzen baitira fedibertsolari euskaldun gehienak. Bi komunitateek Interneteko Argia Saria jaso zuten 2023an.

Edozein hizkuntzatan egindako tesiak onartuko dituzte, baina lehiaketan euskara hutsean eman beharko dituzte azalpenak. Mezuak argitaratzeko epea maiatzaren 14ko goizeko 9:00etatik 21:00etara izango da. Mastodonetik parte hartuz gero 3 tutetan azaldu beharko dute haien tesia ikertzaileek, ez gehiagotan, ez gutxiagotan. X/Twitterrek onartzen duen karaktere kopurua txikiagoa denez, 6 txio erabili beharko dituzte Elon Musken sare soziala aukeratzen dutenek. Bi kasuetan mezu guztiek #txiotesia7 traola izan beharko dute. Parte hartzeko arau gehigarriak eta xehetasun guztiak lehiaketaren web orrian daude.

Bi sari banatuko dituzte: 500 euro bere ikerketa-lana modu ulergarrienean azaltzen duenari eta 300 euro modu originalenean aurkezten duenari. Sari-banaketa 2024ko maiatzaren 30ean egingo da, UEUren Eibarko egoitzan, Markeskoa Jauregian.