Mastodon eta X sare sozialek bi eredu kontrajarri ordezkatzen dituzte: Fedibertsoa eta sare sozial korporatiboak. Ezaugarri askotan nabaritzen da aldea, baita itxuraz horren garrantzitsuak ez direnetan ere, esaterako bidalketetako esteken aurrebistak erakusteko moduan.
2023an X-k izenburuak kendu zituen txioetan jarritako esteken aurrebistetatik. Erabakiak hautsak harrotu ondoren izenburuak berriz gehitu zituzten, baina oso letra txikiarekin eta izkina batean. Hainbaten ustez aldaketaren arrazoia txioetako irudien eta esteken aurrebisten arteko aldea txikitzea izan zen. Izan ere, plataformatik kanpora doazen esteketan zenbat eta klik gutxiago egin, orduan eta iragarki gehiago ikusten dituzte erabiltzaileek.
Kontuan hartu behar da Elon Muskek Twitter erosi zuenetik asko jaitsi direla iragarkietatik lortzen dituen diru sarrerak. Horren arrazoia, neurri handi batean, jabe berriak bere esanekin eta ekintzekin behin eta berriz harrabotsa eragin izana da. Geratzen zaizkien iragarleei ahalik eta ikustaldi gehien eskaintzeko ez zaie komeni erabiltzaileak plataformatik irtetea.
Mastodonek aldiz ez du irabazi asmorik eta garatzaileek uko egin diete Silicon Valleyko inbertsio eskaintzei. Erabiltzaileen donazioei esker ateratzen dute aurrera proiektua. Ondorioz, ez dago ez iragarkirik, ez eta erabiltzaileen datuak erauzteko asmorik ere. Bidalketetako esteken aurrebistetan ere nabari da hori: modu nabarmenean ikusten dira jatorrizko webgunearen izena eta artikuluaren izenburua. Ez dago kanpo esteka bat dela ezkutatzeko asmorik.
Ondorengo pantaila argazkietan argi ikusten da aldea. Bietan esteka berdina partekatu da ARGIAren kontuetan. Lehena X-koa da, bigarrena Mastodon.eus-ekoa:
Hedabideentzat plataforma erakargarriago egiteko lanean ari dira Mastodoneko garatzaileak. Dagoeneko txukunak ziren aurrebistei ezaugarri bat gehitu diete bertsio berrian: egilearen kontua nabarmentzeko aukera. Horri esker errazagoa izango da egileak aurkitu eta jarraitzea, ondorengo bideoan ikus daitekeen bezala.
Bidalketaren azpian egilea nabarmenduta ager dadin bi baldintza bete behar dira:
1. Webgunearen HTML-an egilearen Fedibertsoko kontua jarri behar da. Adibidez, bideoan ageri den ARGIA.eus-eko albistean hau dago: "<meta name="fediverse:creator" content="@sustatu@mastodon.eus" />"
.
WordPress erabiliz gero berriz, ActivityPub pluginak prozesua automatizatzen du. Hala egin dute, esaterako Etzi.pm blog eraberrituan.
2. Egileak webgune hori onartu behar du Mastodon ezarpenetan: Hobespenak > Profila > Egiaztapena > “Only allow specific websites”. Pauso honi esker egileak erabaki dezake beste kontu baten bidalketetan egile bezala agertu nahi duen ala ez. Horrekin nahi gabeko agerpenak saihesten dira.