Mastodonek uko egin die Silicon Valleyko inbertsioei, proiektuaren independentzia babesteko

FedibertsoaMastodonSare sozialakTeknologia burujabetza

Mastodon software libreko mikroblogintza proiektuaren sortzaile Eugen Rochko-k ezezkoa eman die Silicon Valleyko arrisku-kapitaleko funtsen inbertsio eskaintzei. Bestalde, Mask Network enpresak hiru Mastodon instantzia handi erosi izanak ere zeresana eman du, eta mastodon.eusek haiekiko federazioa etetea erabaki du, komunitateko kideen pribatutasuna babesteko.

Sillicon Valleyko arrisku-kapitaleko bost enpresa baino gehiagok eskainitako ehunka mila dolarreko inbertsioei uko egin diela kontatu dio Mastodonen sortzaileak Financial Times-i. Irabazi asmorik gabeko proiektua izatea “ukiezina” dela dio Rochkok. Izan ere, 2021az geroztik erantzukizun mugatuko irabazi asmorik gabeko sozietate gisa erregistratua dago Mastodon Alemanian.

Proiektuaren 2021. urteko txostenean irakur daitekeenez, hiru motatako diru sarrerak dituzte: komunitateko kideek Patreon eta Stripe bidez egindako dohaintzak, babesleen ekarpenak, eta software librea bultzatzen duten fundazioen dirulaguntzak (Prototype Fund eta NLnet Foundation). Gastuei dagokionez, pertsonalari eta mantentzen dituzten zerbitzarien ostatatzeari dagokie ia guztia. Rochkok hilean 2.400 euroko soldata jaso zuen 2021ean, eta geroztik 500 euroko igoera izan du, eta beste pertsona eta enpresa batzuei ere ordaintzen die, zerbitzuengatik.

Zerk egiten du Mastodon erakargarri?

Eugen Rochkoren esanetan, Mastodon erakargarri egiten duten arrazoiak dira proiektuaren independentzia eta hainbat moderazio estiloko komunitateak egotea. Mastodonen eta Twitterren ereduen arteko aldea ere nabarmendu du: milioidun polemiko batek ezin duela erosi, ezin duela inork itxi, ezin duela porrot egin… “Mastodon ez da bihurtuko Twitterretik gorroto duzun guztian”. Bere epe luzerako helburua Twitter eta beste sare sozial komertzialak ordezkatzea dela dio. Oraindik urrun daude helburu horretatik, baina urrian Elon Muskek Twitter erosi zuenetik hona Mastodon sareko erabiltzaile aktiboen kopurua zortzikoiztu egin da.

Hiru instantzia handiren erosketari erantzun dio Mastodon.eus-ek

Mastodon inbertsio eremu gisa ulertu dute Mask Network enpresakoek ere, eta sareko hiru instantzia handi erosi dituzte: pawoo.net, mastodon.cloud eta mstdn.jp. Enpresaren negozioa sare sozialen bidezko “kripto-gauzen” salerosketa eta datuen ustiaketa direla ikusita, mastodon.eus instantziak, beste askok bezala, haiekiko federazioa eten duela adierazi du, komunitateko kideen pribatutasuna babesteko. Mastodon.eus burujabetza digitaleko ariketa moduan ulertzen dutela jakinarazi dute administratzaileek, eta euskaldun guztientzat esparru seguru bat sortzea dutela helburu, maila linguistikoan, zein teknologikoan.