Microsoftek energia nuklearra erabili nahi du adimen artifiziala elikatzeko

Adimen artifizialaChatGPTDatu zentroakEnergia nuklearraHodeia ez da existitzenMicrosoftOpenAI

Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek asetzeko.

Garai batean Windows sistema eragilea zen Microsoften negozioaren oinarria, baina azken urteetan hodeiko zerbitzuetatik lortzen dute irabazien zatirik handiena. Sektorean nagusi den Amazon AWSren ondoren bigarren postuan dago Microsoften Azure. Merkatuaren %66a hartzen dute Amazon, Microsoft eta Googlek.

Hodeiko zerbitzuetan nagusitasuna lortu nahi du Microsoftek, eta helburu horrekin milaka miloi inbertitu dituzte ChatGPT ezaguna garatu duen OpenAI startupean. Horri esker, adimen artifiziala integratzen ari dira Microsoften zerbitzuetan: Microsoft 365 ofimatika tresnak, Azure hodeia, Bing bilatzailea, GitHub-en garapen tresnak…

Hodeiko zerbitzuek eta adimen artifizialak azpiegitura handiak eskatzen dituzte: milaka ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak. Horrelako 200 datu-zentro baino gehiago ditu Microsoftek munduan zehar. Energia eta ur kontsumo handia dute, bereziki adimen artifizialarekin lotutakoek. Behar energetiko horiek asetzeko erreaktore nuklear txikiak erabiltzen hasi nahi du Microsoftek. Helburu horren garapena zuzentzeko energia nuklearrean aditua den pertsona bat kontratatu nahi dute, argitaratu duten lan eskaintzan irakur daitekeenez.

Erreaktore modular txikiak (Small Modular Reactor, SMR) ohiko zentral nuklearrak baino txikiagoak dira eta uranio kontzentratuagoa erabiltzen dute. 2023ko urtarrilean onartu du lehen aldiz mota honetako erreaktore baten diseinua AEBetako Energia Nuklearraren Batzorde Arautzaileak. Nuklearraren etorkizun gisa saltzen dituzte, merkeagoak izango direla eta hondakin gutxiago sortuko dituztela esanez, baina justu kontrakoa ondorioztatu dute AEBetako Stanford unibertsitateak egindako ikerketa batean.